Itxi

EA SPORTS Liga

Osasunak porrot mingarria jaso du Bartzelonaren aurka (1-2)

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Koundek lehen zatian sartutako gol polemiko batek eta Lewandowskik sartutako penalti batek denboraldiko bigarren porrota ekarri diete gorritxoei Sadarren.

Bartzelonaren lehen gola. Argazkia: EFE

Osasunak porrota jaso du igande honetan Sadarren Bartzelonaren aurka (1-2), EA Sports Ligako laugarren jardunaldian. Polemikaz betetako porrota izan da, Kataluniako taldearen golak nola etorri diren ikusita. Lehenengoan, gorritxoek Kounderen falta eskatu dute kornerrean, frantziarrak buruz baloia sare barrura bidali baino lehen. Bigarrenean, Lewandowskik Catenaren falta bat jaso du area barruan, eta epaileak txartel gorria atera dio VARa kontsultatu ostean. Poloniarrak 11 metroko puntutik sartu du bigarren gola. Chimy Avilak gola egin du, eta etxekoei itxaropena eman die, baina azkenean gol hori ez zaio nahikoa izan Osasunari.

Osasuna - Bartzelona partidako laburpena

Bartzelonak bi minuturen buruan izan du lehen aukera bikoitza. Frenkie De Jongek eskuineko zutoinean jo du baloia, dena alde zuela, eta Lewandowskik ere ez du zorterik izan aldaratzean. Bisitarien baloiaren jabetza abiadurarekin erantzuten saiatu dira etxekoak.

Osasunak zuloa aurkitu du eskuin hegaletik Areso eta Ruben Garciaren konbinazio bikainarekin. Hegaleko atzelariak erdiraketa egin du area barrura, Aimar Orozek errematatzeko, baina ez du golaren saria aurkitu.

Gorritxoek ausardia erakutsi dute, nahiz eta ordezkoz betetako hamaikakoa izan. Koundek urrutitik probatu du 0-1ekoa egin aurretik. Frantziarrak atsedenaldia heldu baino lehen egin du errematea bere taldea markagailuan aurreratzeko, etxekoek frantziarraren falta eskatu duten jokaldi batean.

Dinamika aldatu egin da aldageletatik igaro ondoren. Osasuna erritmo altuarekin eta aldeak murrizteko helburuarekin itzuli da berdegunera. Arrasatek Chimy Avila, Barja eta Budimir zelairatu ditu, eta horrek gorantz eraman du taldea.

Bisitariek Nafarroako intentsitatea jasan behar izan dute. Aitor Fernandezek Lewandowskiren jaurtiketa azkarra atera du goleko marra gainetik.

Etxekoen bultzadak eta ekinak 76. minutuan aurkitu dute saria. Chimy Avilak areako aurrealdetik emandako ezkerkada ikusgarriak zutoina jo du eta sareetara sartu da (1-1). Ter Stegenek ezer gutxi egin ahal izan du gelditzeko.

Azken minutuetan, baina, Catenak zalantzazko penaltia egin du. Ortiz Ariasek berrikusi egin behar izan du, eta txartel gorria atera dio zuzenean. 11 metroko puntutik, Lewandowskik ez du barkatu (1-2).

Fitxa teknikoa

1 – Osasuna: Aitor, Areso (Nacho Vidal, 80. min), Catena, Herrando, Juan Cruz, Ruben Garcia (Chimy Avila, 62. min), Pablo Ibañez (Moncayola, 72. min), Aimar, Iker Muñoz, Arnaiz (Barja, 62. min), Raul (Budimir, 62. min).

2 – Bartzelona: Ter Stegen, Sergi Roberto (Cancelo, 59. min), Kounde, Christensen (Iñigo Martinez, 90+1. min), Balde, Oriol Romeu (Joao Felix, 80. min), Gündogan, Frenkie De Jong, Gavi, Lamine Yamal (Ferran, 59. min), Lewandowski (Raphinha, 90+1. min).

Golak: Kounde 0-1 (45+1. min), Chimy Avila 1-1 (76. min), Lewandowski 1-2 (86. min).

Epailea: Ortiz Arias. Txartel horia atera die Areso, Lewandowski, Gavi, De Jong eta Balde jokalariei. Catena kanporatu du txartel gorria zuzenean aterata.