EA Sports Liga
Osasunak porrot argia jaso du Real Madrilen aurka (4-0)
A. B. E. | EITB Media
Gorritxoek 4-0eko emaitzarekin galdu dute Santiago Bernabeun jokatutako EA Sports Ligako 9. jardunaldiko partida. Madrilgo taldea jaun eta jabe izan da hasieratik amaieraraino.
Osasaunak galdu egin du Real Madrilen aurka (4-0), larunbat honetan, urriaren 7an, Santiago Bernabeu estadioan jokatutako EA Sports Ligako 9. jardunaldiko partida. Ondorioz, gorritxoak 10 punturekin doaz geldialdira, sailkapenaren erdialdean kokatuta.
Madrilgo taldea hasieratik egin da baloiaren jabe, eta azkar sartu du gola; 10. minutuan, Jude Bellinghamek baloia jaso du area barruan eta erremate ona eginda Sergio Herrera atezaina gainditu du (1-0).
Neurketako lehen golaren ostean ere Real Madril izan da nagusi, baina kosta egin zaio abagune argiak sortzea. Viniciusek eman du abisua 25. minutuan, nahiz eta jaurtiketa gora joan zaion. Pixkanaka, talde gorritxoak lortu du aurkariaren ate ingurura arriskua eramatea. Hala, atsedenaldira iritsi aurretik, emaitza berdintzeko aukerak izan du Osasunak: Moncayolaren jaurtiketak ez du atea topatu eta Budimirrek penalti puntutik egindako errematea gora joan da.
Bigarren zatiari erasokor ekin dio Real Madrilek. Joselu bere taldearen bigarren gola sartzetik gertu egon da, baina ez du lortu Sergio Herrerak babestutako atea zulatzea. Geroago, 55. minutuan, Madrilgo taldeak ez du barkatu: Bellinghamek jarri du 2-0ekoa markagailuan, Valverderen pasea jaso eta bigarrenez Herrera gaindituta.
Osasunaren erantzuna bigarren gola hartu eta jarraian heldu da, baina Kepa Arrizabalagak eragotzi egin du, Ruben Peñaren jaurtiketari erantzun bikaina emanda.
Hala ere, etxekoek kontrolpean izan dute lehia uneoro, eta 65. minutuan Viniciusek gola sartu du (3-0), Valverderen pase sakona jaso, aurkari guztiak atzean utzi eta Herrerari driblina egin ostean.
Guztiz maldan gora jarri zaio norgehiagoka talde nafarrari; gainera, Real Madrilek 4-0ekoa egin du, 70. minutuan, Joseluren bidez. Aurrelari madrildarrak ez du huts egin Viniciusen pasea jaso ostean.
Porrota gogorra izan bada ere, latzagoa izan zitekeen. Izan ere, 84. minutuan, epaileak penaltia adierazi du Real Madrilen alde, David Garciak baloia eskuarekin jo duelako area barruan. Joseluk jaurti du penaltia, eta Herrera atezainak gelditu egin du.
Hala, bada, Real Madrilek bereganatu ditu hiru puntuak (4-0).
Fitxa teknikoa:
4 - Real Madril: Kepa; Carvajal (Lucas Vazquez, 79. min), Rüdiger, Tchouaméni, Mendy; Camavinga (Kroos, 67. min), Modric (Brahim, 79. min), Fede Valverde, Bellingham (Ceballos, 72. min); Vinicius (Rodrygo, 72. min) eta Joselu.
0 - Osasuna: Sergio Herrera; Jesus Areso, Catena, David Garcia, Juan Cruz; Lucas Torro, Moncayola (Pablo Ibañez, 80. min), Aimar Oroz (Raul, m.80), Ruben Peña (Kike Barja, 80. min); Ruben Garcia (Arnaiz, 72. min) eta Budimir (Chimy Avila, 72. min).
Golak: 1-0, 10. min: Bellingham. 2-0, 54. min: Bellingham. 3-0, 65. min: Vinicius. 4-0, 70. min: Joselu.
Epailea: Guillermo Cuadra Fernandez. Txartel horiak atera dizkie Rüdiger (39. min) eta Tchouameni (59. min) Real Madrileko jokalariei, baita Kike Barja (83. min) eta David Garcia (83. min) Osasunako jokalariei ere.