Itxi

Balentze ekonomikoa

Osasunak 5,1 milioiko galerekin itxi zuen 2022-2023 denboraldia

EITB Media

Leer en Castellano

Klubak ia 76 milioiko diru-sarrerak eta 79 milioitik gorako gastuak aurkeztuko ditu azaroaren 11ko Batzar Nagusian. 2023-2024 denboraldia 3,1 milioiko galerekin ixtea espero du Osasunak.

Luis Sabalza, Osasunako presidentea, iazko Batzar Nagusian. Argazkia: EFE

Osasunak 5,1 milioi euroko galerekin itxi zuen 2022-2023 denboraldia, zergen ondoren, batez ere LaLigaren CVC funtsa erabili zuelako plantilla osatzeko. Klubak 52 milioi euro jasoko ditu CVC funtsetik, eta horietatik 7,8 baino ezin diru erabili kirol-plantillan.

Osasunak 6 milioi baino gehiago erabili zituen plantilla osatzeko joan den denboraldian; telebista-eskubideetatik jasotako diru-sarrerak 1,2 milioi txikiagoak izan ziren, eta inskribatutako kirol-langileen gastua 7,5 milioi handiagoa. Gastu handiago hori asko baldintzatu dute egindako denboraldi handiak eta lorpen horiengatik ordaindu behar izan dituzten sariak. Nolanahi ere, klubaren arabera, galera horiek konpentsatu egiten dira CVC funtsetik jasotako diruarekin; "beraz, ez dute eraginik klubaren diruzaintzan eta ez dute beharrezko egiten finantzaketa gehigarrira jotzea, 40 urterako maileguaren kargura baitoaz, dagoeneko ezagunak diren CVC funtsetik jasotako 52 milioi euroen barruan".

Zor garbiari dagokionez, 2023ko ekainean 61.611.130,68 eurokoa zen; hau da, 2022ko abenduan jakinarazitako datua (60,6 milioi) baino milioi bat euro handiagoa. Horrez gain, banku-zorra % 25 baino gehiago murriztu da azken urtean, eta hurrengo bi denboraldietan eragina are handiagoa izango da.

Azaroaren 11ko Batzar Nagusian Osasunak aurkeztuko duen aurrekontuan, klubak ia 76 milioiko diru-sarrerak eta 79 milioitik gorako gastuak aurkeztuko ditu. Ondorioz, Osasunak 3,1 milioi euroko galerak espero ditu 2023-2024 denboraldi amaieran.

Albisteak (3)