Sadarren
Osasunak berdinketarekin konformatu behar izan du Las Palmasen aurka (1-1)
Agentziak | EITB MEDIA
Moleirok aurretik jarri ditu bisitariak 70. minutuan, baina Budimirrek banakoa egin du hiru minutu geroago.
Osasunak 1-1 egin du etxean, Sadarren, Las Palmasen aurka EA Sports Ligako 13. jardunaldiko partidan. Partidako bi golak bigarren zatia iritsi dira. Bisitariek egin dute lehenengoa, 70. minutuan, Moleiroren bitartez, eta Ante Budimirrek jarri du 1-1ekoa markagailuan, 73.ean. Gorritxoek etxean berdindu duten bigarren partida da.
Erritmorik gabeko partida jokatu dute bi taldeek. Valles atezaina izan da partidako jokalarik onena, bisitarien atezainak geldiketa bikainak egin baititu etxekoen golak saihesteko.
Lehen zatian, Jagoba Arrasateren taldea nagusi izan da, eta Las Palmasek oso joko gutxi egin du. 15. minutuan, Ante Budimirrek aukera bikoitza izan du, baina atzelariek arriskua uxatu dute. Vallesek 1 eta 0ekoa ekidin du ondoren, eta beste horrenbeste egin du bigarren zatian, baloia marraren gainetik aterata. Etxekoek protesta egin dute jokaldi horretan, baina epaileak ez du gola adierazi.
Golak atsedenaldiaren ostean iritsi dira. Moleirok gol bikaina sartuta jarri du aurretik Las Palmas, ezkerreko aldetik egindako jokaldia jaurtiketa eder batekin amaituta.
Pozak, baina, gutxi iraun die bisitariei, Ante Budimirrek hiru minutu geroago egin baitu banakoa.
Osasunak etxeko partidak aurrera ateratzeko zailtasunak izaten jarraitzen du. Jagoba Arrasateren jokalariek garaipen bakarra lortu dute Sadarren. Las Palmasek, aldiz, bolada onari eutsi dio.
Fitxa teknikoa:
1 – Osasuna: Herrera: Areso, Catena, David Garcia, Mojica: Torro: Peña (Barja, 67. min), Aimar (Raul, 89. min), Moi Gomez (Moncayola, 67. min), Chimy Avila (Arnaiz, 81. min): Budimir (Pablo Ibáñez, 89. min).
1 – Las Palmas: Valles: Suarez, Coco, Marmol, Cardona; Marvin (Araujo, 72. min), Muñoz, Perrone (Loiodice, 58. min), Kirian; Munir (Cardona, 72. min), Kaba (Moleiro, 58. min).
Golak: Moleiro 0-1 (70. min), Budimir 1-1 (74. min)
Epailea: Figueroa Vazquez (Andaluziako batzordekoa); Villate Martínez, Granel Peiro eta Martínez Munuera izan ditu lagun. Txartel horia atera die Catena Osasunako jokalariari eta Araujo Las Palmasekoari.