EA Sports Liga
Budimirrek garaipena eman dio Osasunari Almeriaren aurka (1-0)
I. G. | EITB MEDIA
Gorritxoek hiru puntuak eskuratu dituzte urteko lehen partidan Ante Budimirren golari esker.
Osasunak 1-0 irabazi du Almeriaren aurka ostegun honetan Sadarren jokatu den EA Sports Ligako 19. jardunaldian. Gorritxoek hiru puntuak eskuratu dituzte urteko lehen partidan Ante Budimirren golari esker.
Bi taldeek intentsitate handiarekin hasi dute partida, eta horrek akatsak ere ekarri ditu. Herreraren baloi-irteera txarra garesti atera zaie ia gorritxoei, baina atezaina bera ere adi egon da Ramazaniri baloia oinetatik lapurtzeko.
Era berean, atezain bisitariaren aldaratze txar bat aprobetxatu nahi izan du Chimy Avilak txilena batekin, baina jaurtiketa gora joan zaio. Gutxira, Osasunako aurrelariak zelaia utzi behar izan du lesioagatik. Arnaizek ordezkatu du.
Catenak aukera bikoitza izan du penalti puntutik, baina bietan baloiak ez du sarera sartu nahi izan.
Azkenean, zorte pixka batekin, gola Budimirren oinetatik heldu da. Errebote batzuen ostean, Muñozek baloia aurrelariari pasa dio eta, bakar-bakarrik, gola sartu du (1-0).
Bigarren zatian Osasunak baloiaren nagusitasuna izaten jarraitu du eta gol aukera bat edo beste sortu du. Almeriak ere susto pare bat eman die zale nafarrei, baina etxekoen defentsak gaitz handiagoak saihestu ditu.
Arnaizek partidako azken aukera argia izan du, baina bere jaurtiketak langarekin egin du topo. Azken txistuarekin, Osasunak hiru puntuak eskuratu ditu.
Fitxa teknikoa:
1 – Osasuna: Sergio Herrera; Areso (Nacho Vidal, 82. min), Catena, David Garcia, Peña (Juan Cruz, 82. min); Moncayola (Pablo Ibañez, 74. min), Muñoz, Aimar; Chimy Avila (Arnaiz, 14. min), Budimir (Raul Garcia, 74. min), Moi Gomez.
0 – Almeria: Maximiano; Pubill (Chumi, 60. min), Edgar (Arnau, 81. min), Montes, Akieme; Embarba (Lazaro, 71. min), Robertone, Lopy, Ramazani (Milovanovic, 46. min); Baptistao, Arribas (Pozo, 46. min).
Golak: Budimir 1-0 (27. min).
Epailea: Soto Grado. Txartel horia atera die Catena, Robertone eta Chumi jokalariei.