Kluba utziko du
Chimy Avilak Osasuna utzi du, eta Betisek fitxatu du
EITB MEDIA
Jokalari argentinarrak, ia 30 urtekoa bera, lau denboraldi eta erdi eman ditu Nafarroako klubean; guztira, 123 partida ofizial jokatu ditu Iruñeko taldean, eta 28 gol sartu. Eragiketa sei bat milioi euroko zenbatekoan itxi dute, zehaztu du Osasunak.
Chimy Avilak Osasuna utzi du, eta Betisek fitxatu du, Nafarroako klubak ostegun gauean baieztatu duenez. Fitxaketak egiteko epea ixtear zegoela iragarri du Osasunak albiste hori. Eragiketa sei bat milioi euroko zenbatekoan itxi dute, zehaztu du Osasunak.
Klub gorritxoari lau milioi euro ordainduko dizkio Betisek; 4,7 ere izan litezke, Chimy Avilak Andaluziako taldean jokatutako partiden araberako aldagaien arabera. Halaber, jokalariak eta bere agenteak fitxatzeko kontratuan jasotako gainbalioaren ehunekoari uko egin ondoren, Osasunak kopuru guztiak jasoko ditu.
Aldi berean, Nafarroako klubak Raul Garciaren jabetzaren % 10 gehiago bereganatu du; izan ere, orain arte jabetza horretako % 65 zuen, eta hemendik aurrera % 75 izango du. % 10 hori milioi bat eurotan balioetsi dute, Osasunak 2023ko udan Raul Garciaren % 65en truke ordaindutako sei milioi euroko zenbatekoa kontuan hartuta.
Azkenik, Osasunak Chimy Avilari eskatu dio kobratzeke duen soldataren zati bati uko egiteko, eragiketak itxi ahal izateko eskatzen zituen sei milioi euroak lortzeko. Gainera, Osasunak Chimy Avilaren etorkizuneko salmentaren gainbalioaren % 20 gordeko du, Betisek aurrelaria beste klub batera salduz gero.
Jokalari argentinarrak, ia 30 urtekoa bera, lau denboraldi eta erdi eman ditu Nafarroako klubean. Guztira, 123 partida ofizial jokatu ditu Iruñeko taldean, eta 28 gol sartu.
Azken egunotan, hainbat zurrumurruk eta informaziok lotu dute Chimy Avila Betisekin. Asmoa omen zuen Andaluziako taldearekin sinatzeko, baina Osasunak esana zuen ez zuela aurrelaria galdu nahi. Azkenean, gauzatu egin da irteera, eta Chimy Avilak ez du jarraituko Osasunan.