EA SPORTS LIGA
Osasunak galdu egin du Rayoren aurka, markagailuan aurreratzea lortu duen arren (2-1)
EITB MEDIA
Moi Gomezek lehen zatian aurretik jarri ditu nafarrak, baina neurketaren bukaeran, Chavarriak eta Isik bost minutuan egindako golek garaipena eman diete madrildarrei.
Osasuna galtzaile atera da Rayoren aurka EA Sports Ligako 32. jardunaldian Vallecasen jokatutako partidatik. Madrildarrak 0 eta 1 galtzen izan dira norgehiagokako 80. minutuan, baina bost minutuan Chavarriak eta Isik egindako golek emaitza irauli dute eta hiru puntuak etxean geratu dira.
Lehen zati ona jokatu dute Jagoba Arrasateren jokalariek. Berriatuko entrenatzaileak 250. partida bete du gaur gorritxoen aulkian. Nafarrak erasora atera dira hasieratik. eta 6. minutuan gola egiteko aukera oso argia izan dute. Ruben Garcia bakar-bakarrik geratu da Dimitrievski atezainaren aurrean, baina errematea desbideratuta atera zaio.
Nafarrek erasoan jarraitu dute, eta Rayori kosta egin zaio partidan sartzea. 17. minutuan, David Garcia lesionatu egin da, baloi baten atzean korrikan zihoala. Eskua eskuineko zangoaren atzeko partera eraman du, min hartuta. Arrasatek Catena sartu du haren ordez.
Lehen ordu erdia betetzear zenean iritsi da Osasunaren gola. Moi Gomezek Raul Garciaren pasea jaso du, eta horren errematea Rayoren atean sartu da, zutoina jo ostean.
Iñigo Martinez Osasunako jokalari ohiak zuzendutako taldeak ere erasora jo du berdinketaren bila, baina nafarrak oso seguru aritu dira defentsan eta presio ona egin dute Rayo baloia jokatuta ateratzen saiatu denean. Ondorioz, Sergio Herrerak lehen zati nahiko lasaia izan du.
Bigarrenean, Rayo berdinketaren bila atera da, eta arriskua sortu du Herreraren atearen inguruan.
Egoera ikusita, Arrasatek bi aldaketa egin ditu: Moncayola eta Torro sartu ditu Pablo Ibañezen eta Iker Muñozen ordez.
Rayoren golak
Rayoren gola 80. minutuan iritsi da. Madrildarrek korner bat atera dute, nafarrek lehen zutoinean urrundu dute eta baloia Chavarriari iritsi zaio, areatik kanpo. Horren errematea Herreraren atean sartu da, markagailuan 1 eta 1ekoa jartzeko.
Ondoren, Jagoba Arrasatek Asier Osanbela zelairatu du. Aurrelari gazteak debuta egin du Lehen Mailan.
Handik gutxira, Rayok bigarrena egin du. Isik sartu du, baloia urrunetik errematatuta, jokaldi pertsonala egin ostean. Bigarren gola kolpea izan da gorritxoentzat, erreakzionatzeko denborarik gabe geratu baitira. Azkenean, hiru puntuak Vallecasen geratu dira, urrezko hiru puntu Lehen Mailan jarraitzkeo lehian dagoen Rayorentzat.
Fitxa teknikoa
2 - Rayo Vallecano: Dimitrievski; Balliu, Mumin, Lejeune, Chavarria; Oscar Valentin (Pathe Ciss, 46. min), Unai Lopez (Falcao, 73. min); De Frutos (Bebe, 73. min), Trejo (Crespo, 82. min), Isi; eta Camello (Raul de Tomas, 60. min).
1 - Osasuna: Sergio Herrera; Areso, David Garcia (Catena, 18. min), Herrando, Juan Cruz (Mojica, 82. min); Ruben Peña, Iker Muñoz (Torro, 68. min), Pablo Ibañez (Moncayola, 68. min), Moi Gomez (Osambela, 82. min); Ruben Garcia eta Raul Garcia de Haro.
Golak: 0-1: 28. min, Moi Gomez; 1-1: 79. min, Chavarria; 2-1: 83. min, Isi Palazon.
Epailea: Mario Melero Lopez (Andaluziako batzordekoa). Txartel horia atera die Rayoko Oscar Valentin (45. min), Pathe Ciss (51. min) eta Isi Palazon (86. min) jokalariei, eta Osasunako Iker Muñoz (48. min) jokalariari.