Kluba utziko du
"Klubeko entrenatzaile batek jasotako agurrik onena" emango dio Osasunak Jagoba Arrasateri
EITB MEDIA
Larunbatean izango da, Sadarren, Nafarroako taldeak eta Vila-realek jokatuko duten partida amaituta; norgehiagoka 14:00etan hasiko da, eta denboraldiko eta Berriatuko entrenatzaileak taldean zuzenduko duen azkena izango da.
"Klubeko entrenatzaile batek jasotako agurrik onena" ari zaio prestatzen Osasuna Jagoba Arrasateri; larunbatean egingo dio hori, Sadarren, Osasuna-Vila-real partida amaituta, asteartean Nafarroako klubak nabarmendu duenez. Norgehiagokak amaiera emango dio denboraldiari, eta Berriatuko entrenatzaileak talde gorritxoan zuzenduko duen azkena izango da; 14:00etan hasiko da neurketa.
Horrenbestez, Osasuna lanean dabil Jagoba Arrasateri agur esateko. Bizkaitarrak sei urte eman ditu Iruñeko taldean, eta gorritxoen historiako entrenatzailerik onenetakoa bilakatu da, kirol arloari dagokionez, eta, halaber, kontuan izanik harmailarekin nola egin duen bat.
Vila-realen aurkako partidan egingo diote, beraz, omenaldia Jagoba Arrasateri. Entrenatzaileak lortu du Osasunak bost urtez jarraian eustea mailari, Lehen Mailan, alde handiz gainera, eta klubari duela urte batzuk galdutako egonkortasuna itzuli dio. Partida bukatuta, 16:00ak aldera, ospakizuna hasiko da. Ekitaldi "xume eta hunkigarriak" izango dira, klubaren esanetan, eta horien asmoa izango da "saiatzea izaten Osasunako entrenatzaile batek jasotako agurrik onena".
Berriatukoak ez daki nola gauzatuko den omenaldi hori, Sadarreko berdegunean; ziurra da zaleek maitasuna agertuko diotela, berriro ere, partidan zehar, sei denboraldi hauek ahaztezinak izan baitira.
Epe horretan, Arrasatek eta bere laguntzaileek erdietsi dute Osasuna Lehen Mailara igotzea, bost denboraldiz jarraian goreneko mailari eustea, eta, historian bigarrenez, talde gorritxoak Kopako finala jokatzea. 16 urteren buruan, Osasuna berriro ere aritu zen Europako Txapelketa batean eta aurrenekoz jokatu du Espainiako Superkopa, Saudi Arabian.