EA Sports Liga
Osasunak ezin izan du punturik batu Vallecasen, Rayoren aurkako partidan 3-1 galduta
EITB MEDIA
Raul Garciak, lehenengo zatian, gol bikaina sartu du, 0-1ekoan; bigarren zatian, baina, Muminek eta Ratiuk gol bana egin dute Rayo Vallecanorentzat, markagailua iraulita, eta luzapenean Unai Lopezek 3-1ekoa lortu du.
Osasunak 3-1 galdu egin du Vallecasen, Rayo Vallecanoren aurka, astelehen gauean, 2024-25 denboraldiko EA Sports Ligako bosgarren jardunaldiko partidan. Raul Garciak, lehenengo zatian, 27. minutuan, aurretik jarri du Osasuna, 0-1ekoa eginda, baina, bigarren zatian, Abdul Muminek, Andrei Ratiuk eta Unai Lopezek (azken horrek luzapenean) Rayo Vallecanoren hiru golak sartu dituzte. Horrenbestez, Osasunak zazpi punturekin jarraitzen du sailkapenean.
Rayo Vallecano-Osasuna (3-1): partidako laburpena
Testuinguru horretan, EITBk bi hamarkadaren ostean emandako Lehen Mailako aurreneko partidan, Osasuna sendo aritu da lehenengo zatian, eta gorritxoak merezita joan dira aurretik markagailuan aldageletara. Lehenengo jokaldi arriskutsuan, 20. minutuan, Raul Garcia ondo sartu da arean, Bryan Zaragozaren jokaldia baliatzen saiatzeko, eta aurrelaria lurrera joan da, baina epaileak ez du penaltirik adierazi. Bost minuturen buruan, Bryan bikain iritsi da area ertzera, baina jaurtiketa pixka bat desbideratuta joan zaio. Bazirudien Osasuna ari zela bereganatzen zelai erdia eta kontrola, eta 27. minutuan jazotakoak hala baieztatu du; orduan, Raul Garciak, trebetasun handiz, baloia hartu du, eta eskuinkada ederra bota. Baloia angelutik sartu da, Batalla Rayo Vallecanoko atezaina gaindituta.
Bigarren zatian, gakoa izan da 50. minutuko jokaldia; izan ere, Osasuna ondo aritu da neurketan nagusitzen, baina, ezkerkada eder bat jota, Muminek gol bikaina sartu eta banakoa egin du. Osasunako jokalariek eskatu dute Gumbauk, baloia Mumini eman aurretik, eskua erabilita kontrolatu duela; epaileak ez du ezer adierazi, eta gola balekoa izan da.
1-1ekoak Rayo Vallecano suspertu egin du. Etxeko taldea erosoago zebilen. Camellok, 61.ean, gertu izan du Iñigo Perezen taldearen bigarrena, baina Herrerak geldiketa ona egin du. Osasunako atezainak, jarraian, ezin hobeto ukitu du Isik egindako ezkerkada oso arriskutsua. 67. minutuan, baina, 2-1ekoa iritsi da; Ratiuk jaso du baloia, area ertzean, eskuinez gogor jaurti eta gola egin du. Gorritxoek ez dute zorterik izan jokaldi horretan, Pablo Ibañezek baloia apur bat desbideratu egin baitu, nahi gabe.
Ruben Peñak, 83. minutuan, zutoinera bidali du burukada, Jose Arnaizen erdiraketaren ostean. Vicente Morenoren taldeak ez du amore eman, eta ahalegindu da Rayoren arearaino iristen; horrela, luzapenean, 95.ean, Unai Lopezek baloia bere zelaian hartu, eta, areaz kanpotik, 3-1ekoa egin du. Hortxe amaitu da norgehiagoka.
Fitxa teknikoa
3 - Rayo Vallecano: Batalla; Ratiu, Mumin, Lejeune, Chavarria; Gumbau (Unai Lopez, 64. min), Oscar Valentin; Embarba (Isi, 57. min), Trejo (De Frutos, 57. min), Alvaro Garcia (Sergi Guardiola, 86. min); eta Camello (James Rodriguez, 86. min).
1 - Osasuna: Sergio Herrera; Areso, Boyomo, Catena, Abel Bretones; Torro; Ruben Garcia (Arnaiz, 76. min), Moncayola (Ruben Peña, 76. min), Aimar Oroz (Ibañez, 66. min), Bryan (Moi Gomez, 84. min); eta Raul Garcia (Budimir, 66. min).
Golak: 0-1: 27. min, Raul Garcia; 1-1: 50. min, Mumin; 2-1: 66. min, Ratiu; 3-1: 90+5. min, Unai Lopez.
Epailea: Alejandro Quintero Gonzalez (Andaluzia). Rayo Vallecanoko Camello, Mumin eta Unai Lopez (88) eta Osasunako Bryan Vicente Moreno entrenatzailea eta Moncayola zigortu ditu, txartel horia aterata.
Gertakizunak: 13.073 zale izan dira Vallecasen.