EA SPORTS LIGA
Osasunak Bartzelona menderatu du etxean (4-2), partida bizi batean
I. R. | EITB MEDIA
Gorritxoek hiru puntuak eskuratu dituzte etxean, Bartzelona garaituta. Budimirrek bi gol sartu ditu, horietako bat penaltiz, eta Bryan Zaragozak eta Bretonesek egin dituzte gorritxoen beste biak.
Porrotik gabe Sadarrera iritsi den Bartzelona garaitu du Osasunak larunbat honetan, EA Sports Ligako 8. jardunaldiko partidan. Vicente Morenoren taldea 18. minutuan aurreratu da, Budimirren burukada bati esker, katalanen garaipen-bolada eten duen partidaren norabidea ezarriz.
Osasunak intentsitate handiarekin hasi du partida, zelaian ondo kokatuta, banakako lehiak irabaziz eta lehen minutuetatik arrisku aukerak sortuz. Lehen abisua 15. minutuan iritsi da, Aresok baloi bat berreskuratu, aurkariaren area aldera gerturatu eta jaurtiketa indartsu bat egin duenean. Handik gutxira, bisitariak erreakzionatu nahian ari zirenean, Budimirrek aurretik jarri du Osasuna buruz, Bryan Zaragozak ezker hegaletik egindako erdiraketa aprobetxatuta (1-0).
Golak bultzatuta, gorritxoek ez dute etsi, eta, hamar minutu geroago, abantaila handitu dute. Bryan Zaragozak egin du 2-0ekoa, Iñaki Peña atezaina aurrez aurre gaindituta.
Lehen zatiko azken minutuetan, bisitariek presioa egin dute, baloiaren jabetza luzatu dute eta atsedenaldira iritsi aurretik aldea murrizten saiatu dira. Etxekoek, ordea, ez dute sufritu, eta bi goleko aldearekin iritsi dira aldagelara.
Bigarren zatian, Bartzelona aldeak murrizteko gogo biziekin atera da zelaira, eta 53. minutuan gertu egon da Lewandowskiren jaurtiketa indartsu batekin. Minutu bat geroago, Pau Victorrek ezustean harrapatu du atezaina, urrunetik egindako jaurtiketa batekin; Sergio Herrerak oreka galdu du atzerantz korrika zihoala, lurrera erori da eta ez du baloia gelditzea lortu, eskuetatik ihes egin ondoren, sare barrura sartu baita (2-1).
Osasunak erreakzionatu egin du, eta birritan eskatu du penaltia bisitarien area barruan. Budimir hirugarrena egiteko zorian egon da, eskuineko zutoinetik gertu joan den jaurtiketa batekin. Bartzelonak, bitartean, ez du intentsitatea jaitsi, eta berdinketa lortzeko hainbat aukera sortu ditu.
70. minutuan, Osasuna Bartzelonaren arean sartu da berriro, eta Sergi Dominguezek Budimir lurrera bota du. Epaileak ez du zalantzarik izan, eta penalti adierazi du. Budimir bera arduratu da penalti-jaurtiketa zehaztasunez gauzatzeaz, eta gorritxoen aldea handitu du (3-1).
Hiru golekin konformatu beharrean, Abel Bretonesek partida erabakita utzi nahi izan du 85. minutuan. Lamine Yamali baloia lapurtu ostean, ezkerkada indartsua jo du urrunetik, eta ezustean harrapatu du Iñaki Peña (4-1).
Laugarren gola jaso arren, bisitariek ez dute amore eman, eta azken ahaleginean, markagailua iraultzen saiatu dira. Lamine Yamalek aldea murriztu du 90. minutuan, 4-2koa jarriz, eta luzapeneko zazpi minutuetan, Bartzelonak presioa egin du etengabe, Osasunak hiru puntuak eskuratzea saihestu nahian. Hiru puntuak, baina, etxean geratu dira.
Fitxa teknikoa
4 – Osasuna: Herrera; Areso (Herrando, 84. min), Catena, Boyomo, Juan Cruz (Nacho Vidal, 84. min); Torro; Ruben Garcia (Peña, 59. min), Aimar, Pablo Ibañez, Bryan (Bretones, 77. min); Budimir (Raul, 77. min).
2 – Bartzelona: Peña; Kounde, Cubarsi, Domínguez, Martin (Balde, 70. min); Pedri, Eric, Torre (Raphinha, 59. min); Pau Victor (Yamal, 59. min), Lewandowski (Casado, 70. min), Ferran.
Golak: 1-0, 18. min: Budimir. 2-0, 28. min: Bryan. 2-1, 53. min: Victor. 3-1, 72. min: Budimir (penaltiz). 4-1, 85. min: Bretones. 4-2, 90. min: Yamal.
Epailea: Cuadra Fernandez.