EA Sports Liga
Luzapenean egindako penalti batek puntu bakarrarekin utzi du Osasuna Vila-realen aurka (2-2)
L.U. | EITB MEDIA
Vila-realek 2-0ekoa berdindu du Osasunaren aurka Gerard Morenok luzapenean gauzatutako penalti bati esker. Bludimirrek egin ditu gorritxoen bi golak.
Osasunak 2-2 berdindu du Vila-realen aurka, igande honetan, EA Sports Ligako 14. jardunaldiko partidan. Gorritxoen golak Budimirrek egin ditu lehen zatian, bigarrena penaltiz. Bigarren zatian, berriz, Baenak gola egin du Castelloko taldearentzat, eta Gerarden gola iritsi da ondoren, penalti eztabaidagarri bat gauzatuta.
Partida espero bezala hasi da, erritmo biziarekin hasierako txistutik, eta neurketako lehen minutuetan argi eta garbi nagusitu da talde bisitaria. Osasuna, baina, esnatu egin da Budimirrek 8. minutuan sartutako golarekin. Kroaziarrak Albioli jauzia irabazi dio, Ruben Garciaren erdiraketa bikain baten ostean, eta gola egin du (1-0).
20. minutuan iritsi da Budimirren bigarrena. Kroaziarra area barruan erori da Pau Navarrok Raul Albiolen aurrean egindako akats baten ondorioz, eta epaileak penalti adierazi du, jokaldia VARen berrikusi ostean. Aurrelari gorritxoak ez du barkatu, eta bigarrena sartu du (2-0). Ligan egin duen zortzigarren gola izan da.
Vicente Morenoren taldea aldeko 2-0eko markagailuarekin heldu da atsedenaldira, Ante Budimirrek 20 minutuan egindako bi golei esker.
Bigarren zatian, entrenatzaile bisitariak aldaketak egin ditu, eta Gerard Moreno sartu du erasoa indartzeko. 67. minutuan heldu da Marcelinoren taldearen lehen gola, Yeremik asistentzia bat eman ostean, Baenak sareetara bidali baitu baloia aldeak murrizteko (2-1).
Sergio Herrerak 2-1ekoa saihestu du geldiketa bikain batekin; izan ere, Vila-realek aurrerapausoa eman du Osasunak erritmoa moteldu duela baliatuta. Ondoren, 91. minutuan, epaileak korner batean penalti adierazi du, eta Gerardek 2-2koa egin du.
Fitxa teknikoa
2 – Osasuna: Herrera; Areso, Catena, Boyomo, Juan Cruz (Bretones, 85. min); Torro; Ruben Garcia (Peña, 66. min), Moncayola (Muñoz, 66. min), Aimar, Bryan (Moi Gomez, 78. min); Budimir (Raul, 85. min).
2 – Villarreal: Conde; Navarro, Costa, Albiol, Cardona (Bernat, 77. min); Yeremi (Cabanes, 85. min), Parejo, Comesaña (Denis, 72. min), Baena; Barry, Terrats (Gerard Moreno, 46. min).
Golak: 1-0, 8. min: Budimir. 2-0, 20. min: Budimir, penaltiz. 2-1, 67. min: Baena. 2-2, 93. min: Gerard, penaltiz.
Epailea: Jose Luis Munuera Montero.