EA SPORTS LIGA

Herreraren geldiketak ez dira nahikoa izan Osasunaren porrota ekiditeko Celtaren aurka (1-0)

I. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Herrera izan da gorritxoen artean onena, funtsezko geldiketak egin baititu, baina horrek ere ezin izan du Nafarroako taldearen porrota saihestu, Aspasek sartutako penalti bat nahikoa izan baita partida irabazteko.

Herrera, Celtaren gol aukera batean. Argazkia: EFE. Herrera, Celtaren gol aukera batean. Argazkia: EFE.

Herrera, Celtaren gol aukera batean. Argazkia: EFE.

Osasunak 1-0 galdu du Celtaren aurka ostiral honetan Balaidosen jokatu den EA Sports Ligako 25. jardunaldiko partida. Herrera izan da gorritxoen artean onena, funtsezko geldiketak egin baititu, baina horrek ere ezin izan du Nafarroako taldearen porrota saihestu, Aspasek sartutako penalti bat nahikoa izan baita hiru puntuak etxean geratzeko.

Gorritxoak ondo hasi dira, aukera bikoitzarekin. Lehenengo, Torro buruz saiatu da korner batean, eta, ondoren, Budimirrek area barrutik egindako jaurtiketa desbideratuta joan da. Bryan Zaragozak ere ezin izan du Boyomoren pase sakon bat aprobetxatu, baloia kanpora joan baitzaio.

Bayern Munichek utzitako muturrekoa etengabeko arriskua izan da etxekoen atzelarientzat, ez baitute gelditzeko modurik aurkitu. Osasuna erasoan aritu da lehen zatian; defentsan, gainera, ondo kokatu da, eta ez dio hutsunerik utzi Celtari.

Etxekoak gehiago animatu dira erasoan, eta gorritxoen areara hurbilketaren bat edo beste egin dute, baina ez Herrerak ez Guaitak ez dute esku-hartze handirik izan lehen 45 minutuetan, kontraeraso bat mozteko Herrerak izan duen jarduna izan ezik.

Bigarren zatia etxekoen nagusitasunarekin hasi da, eta lehen minutuetan Herrerak geldiketa salbatzailea egin behar izan du Carreiraren jaurtiketa sare barrura ez sartzeko. Celtak gora egin du.

Partida ordubetera heldu denean, jokoa eten egin behar izan da momentu batez, harmailetatik objektu bat jaurti dutelako Herrerak babestutako atera. Hurrengo jokaldian, atezain gorritxoak beste geldiketa bikain bat egin dio Swedbergi, baina jokaldia ezerezean utzi du epaileak, Celtako jokalaria jokoz kanpo zegoelako.

Geroxeago Catenak Borja Iglesiasi nahi gabe egindako falta batek Celtaren aldeko penaltia ekarri du. Iago Aspasek, sartu berritan, aurretik jarri ditu bereak (1-0).

Gola kolpe latza izan da Osasunarentzat, eta aurkaria jokoa bereganatzen joan da. Gorritxoek maila jaitsi dute erasoan, eta ez dute jokaldirik lotzea lortu. Are gehiago, Celta izan da bigarren goletik hurbilago egon dena.

Azkenean, Osasunak ezin izan du ezer positiborik atera Balaidostik.

Fitxa teknikoa:

1- RC Celta: Guaita; Javi Rodríguez, Starfelt, Marcos Alonso; Mingueza (Jailson, 84. min), Hugo Sotelo (Fran Beltrán, 77. min), Moriba, Carreira; Fer López (Iago Aspas, 64. min), Williot (Iker Losada, 84. min) eta  Borja Iglesias (Pablo Durán, 77. min).

0- Osasuna: Sergio Herrera; Rubén Peña, Catena (Rubén García, 72. min), Boyomo, Herrando eta Abel Bretones (Arnaiz, 84. min); Moncayola (Iker, 84. min), Torró eta Moi Gómez (Barja, 80. min); Budimir eta Bryan Zaragoza (Raúl, 80. min).

Golak: 1-0 Iago Aspas (p), 67. min.

Epailea: Sánchez Martínez (Murtziako Batzordekoa). Txartel horia atera dio Fer López Celtako jokalariai (39. min).