Itxi

0-0

Osasunak puntu bat eskuratu du Betisen aurka

Erredakzioa

Talde gorritxoak 0-0 berdindu du andaluziarren aurka, eta BBVA Ligako sailkapenaren azken postura itzuli da Espanyolek garaipena lortu baitu Rayoren aurka.

Armenteros eta Jorge Molina, lehian Osasuna-Betis partidan. Argazkia: EFE

Osasunak 0-0 berdindu du Betisen aurka, eta BBVA Ligako azken postura itzuliko da talde gorritxoa bost punturekin. Espanyol dago 19. postuan, bost punturekin, igande honetan Rayo Vallecanori irabazita.

Betisek gogotsu eta erasokor ekin dio Reyno de Navarran jokatutako partidari. Norgehiagokako lehen minutuetan, bi gol aukera argi izan ditu talde andaluziarrak. Hirugarren minutuan Jorge Molinak zutoina urratuz kanpora bidali du Andres Fernandez atezainaren aurrean egindako errematea. Bost minutu geroago, Paulaok buruz egindako errematea, gutxigatik kanpora joan da. Hamazortzigarren minutuan Betisi gola legez kanpo utzi diote.

Osasunari asko kosta zaio partidan sartzea, eta hogeita laugarren minutuan sortu du lehen gol aukera. Cejudok jokaldi bikaina egin du, eta Lamahren jaurtiketa Adrian Betiseko atzainak defendatzen duen ateko sarearen hegalera bidali du. Minutu batzuk geroago Armenterosek bikain loratu du baloia, Adrian gainditu du, baina Paulaorengan jo du baloiak eta kanpora joan da.

Bigarren zatian gol aukera gutxiago egon dira, eta zelai erdian borroka gogorra izan dute bi taldeek. Osasunak bigarren 45 minutuetan izan duen lehen gol aukera 68. minutuan etorri da, baina Adrian atezainak erantzun ona eman dio Lamahk angelu gabe egindako jaurtiketari.

Betisi ere, asko kosta zaio gol aukerak sortzea. 74. minutuan Pereirak jokaldi ona egin du, baina bere erdiraketara ez da Ruben Castro iritsi. Ruben Castrok, berak, gola sartzeko aukera izan du 79. minutuan. Betsieko aurrelariaren saiakera, ordea, langa gainetik kanpora joan da. Azken minutuetan, gogotik saiatu da Osasuna garaipena lortzen, baina ez du aurkariaren ate aurrean asmatu. Golik gabe bukatu da partida, eta talde bakoitzak puntu bana lortu du.

Fitxa teknikoa:

0 - Osasuna: Andres Fernandez; Oier, Lolo, Arribas, Damia; Puñal, Annan; Cejudo (Nino, 75. min), Armenteros (Masoud, 81. min), Lamah eta Llorente (Kike Sola, 64. min).

0 - Real Betis: Adrian, Alex, Paulao, Perquis, Nelson, Ruben Perez, Cañas, Jorge Molina (Nono, 72. min), Juan Carlos (Campbell, 82. min), Salva Sevilla (Pereira, 65. min) eta Ruben Castro.

Epailea: Velasco Carballo.

Albisteak (2)