EA Sports Liga
Bartzelona-Osasuna partida atzeratu dute, talde blaugranaren medikua bat-batean hil baita
EITB MEDIA
Partida hasteko ordubete eskas falta zenean jaso dute Carles Miñarro medikuaren ezusteko heriotzaren berri, eta Bartzelonako jokalariek neurketa atzeratzeko eskatu dute.
Carles Miñarro medikua. Argazkia: EFE, artxibokoa.
Larunbat honetan jokatzekoa zen Bartzelonaren eta Osasunaren arteko partida atzeratu egin dute. Kataluniako taldeak iragarri duenez, Carles Miñarro medikua hil da, eta, ondorioz, bertan behera geratu da 21:00etan Montjuic zelaian jokatu behar zen partida, EA Sports Ligako 27. jardunaldikoa.
Miñarro bat-batean hil da, Bartzelonak partidaren atariko orduak igarotzeko hartuta zuen hotelean. Medikua ez da taldearen meriendan agertu, horretarako deituta egon arren, eta partida hasteko ordubete falta zenean Joan Laporta presidenteak heriotzaren berri eman die jokalari eta teknikariei. Miñarro 54 urte betetzekoa zen hilaren 27an.
Lehen taldeko futbolariek eurek eskatu diote klubari partida atzeratzeko, eta pisu handiko arrazoia denez, Ligako araudiak aukera ematen du horrelakoetan hori eskatzeko.
Liga eta Osasuna partida atzeratzearen alde agertu dira. Espainiako Futbol Federazioak bost laneguneko epea eman die bi klubei, Ligarekin koordinatuta, partida jokatzeko egun bat adosteko.
Kataluniako taldeak Txapeldunen Ligako kanporaketan aurrera egingo balu, aukera bakarra izango luke partida jokatzeko: maiatzaren 21a, asteazkena.