Itxi

Finala

Chelsea, garaile, Munduko Kluben Txapelketan, PSG 3-0 menderatuta

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Palmerren (2) eta Joao Pedroren golek erabaki zuten ingelesek hasieratik kontrolpean izan zuten finala. Partida amaieran, tentsio uneak bizi izan ziren zelaian, zenbait jokalarik eta Luis Enrique PSGren entrenatzaileak liskarra izan baitzuten.

Chelseako jokalariak, garaikurra jaso zuten unean. EFE

Chelsea da FIFAren Kluben Munduko Txapelketaren irabazlea, Nueva Jerseyko (AEB) MetLife Stadiumen jokatutako finalean Paris Saint-Germain 3-0 garaitu ostean. Ingalaterrako taldeak lehen zatian erabakita utzi zuen lehia, Cole Palmerrek eta Robert Sanchez atezainak egindako lan bikainari esker, besteak beste.

Palmerrek lehen ordu erdian sartutako bi golek bideratu zuten norgehiagoka. Batetik, 22. minutuan egin zuen lehena. Ondoren, ura edateko atsedenetik bueltan, toki beretik, eskuinaldetik, agertu zen nazioarteko jokalari ingelesa, bi eta hutsekoa margailura igotzeko. Atsedenaldia baino lehen, Palmerren beste jokaldi baten ondoren, Joao Pedrok sinatu zuen Chelsearen hirugarren gola, baloia Donnarummaren gainetik jaurtita.

Frantziarrek, finalaurrekoetara Xabi Alonsoren Real Madril kanporatuta heldu ondoren, ez zuten jakin egoera iraultzen, nahia eta bigarren zatian bizitasun apur bat eman lehiari, Khvicha Kvaratskheliaren pare bat barneraldiri esker. Horrenbestez, hiru eta hutsekoa markagailuan, Chelseak bereganatu zuen lehen Kluben Munduko Txapelketa.

Behin partida amaituta, tentsioa izan zen nagusi zelaian, Achraf Hakimik eta Gianluigi Donnarummak Joao Pedrorekin izan zuten liskarra tarteko, Luis Enriquek parte hartzea erabaki zuenean. Izan ere, Joao Pedrok lurrean amaitu zuen PSGren entrenatzailearen kolpea sentitu eta gero.

FITXA TEKNIKOA

CHELSEA (3): Robert Sanchez; Malo Gusto, Chalobah, Colwill, Cucurella; Reece James (Dewsbury-Hall, 77. min), Caicedo, Enzo (Santos, 61. min), Neto (Nkunku 78. min), Palmer eta Joao Pedro (Delap, 68. min).

PARIS SAINT-GERMAIN (0): Donnarumma; Hakimi (Zaïre-Emery, 73. min), Marquinhos, Beraldo, Mendes; Joao Neves, Vitinha, Fabian (Mayulu, 73. min), Doue (Ramos, 73. min), Kvaratskhelia (Barcola, 58. min) eta Dembele.

-GOLAK:

1 - 0, 22. min, Palmer.

2 - 0, 30. min, Palmer.

3 - 0, 43. min, Joao Pedro.

-EPAILEA: Alireza Faghani (AUS). Chelseako Neto (34. min), Caicedo (36. min), Gusto (40. min) eta Colwill (82. min) jokalariei txartel horia atera zien. Eta PSGko Dembele (87. min) eta Mendesi (94. min). Neves kanporatu zuen, txartel gorria aterata (84. min).

-ZELAIA: MetLife Stadium (Nueva Jersey).

Albisteak (2)