Itxi

2025eko Eurokopa

Ingalaterrak eskuratu du Eurokopako titulua, Espainiari penaltietan irabazita

EITB

Leer en Castellano

Ingalaterrak Mariona Caldenteyren gola berdindu du eta penaltietan lortu du titulua.

Ingalaterrako jokalariak garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Ingalaterrak Espainia mendean hartu du igande honetan Eurokopako finalean, penaltietan, Suitzan. Hannah Hampton atezainaren bi geldiketek titulua berresteko balio izan dute. Ingalaterrak Mariona Caldenteyren gola berdindu du eta penaltietan lortu du titulua.

Hainbat abisuren ondoren, Espainiak aurrea hartu du markagailuan, Atheneak sortutako jokaldi bati esker. Ona Batllek erdiraketa egin du, eta Marionak 0-1ekoa jarri du, 25. minutuan.

Atsedenaldiaren ostean, Espainiak partida kontrolpean zuela zirudien. Aitana eta Mariona bigarren gola sartzen saiatu dira, baina jaurtiketak Hamptonen eskuetara joan zaizkie.

Kelly lasterketa bizian atera eta erdiraketa egin dio Russori, eta hark jarri du berdinketa, buruz (57. min). Ingalaterra suspertu egin da golarekin, baina markagailuak bere horretan jarraitu du eta luzapenera joan dira.

Espainiak setiatu egin du Ingalaterra luzapenean, gola egiteko une asko eraginda, baina partida penaltietan erabaki behar izan da. Cata Collek bi penalti gelditu ditu, baina ez da nahikoa izan. Hannah Hamptonek bi gelditu ditu, eta Paralluelok kanpora jaurtitako penaltia gehituta, Ingalaterrak lortu du txapeldun izatea.

Fitxa teknikoa:

1 – Ingalaterra: Hannah Hampton; Lucy Bronze (Niamh Charles, 106. min), Leah Williamson, Jessica Carter, Alex Greenwood; Ella Toone (Beth Mead, 87. min), Keira Walsh, Georgia Stanway (Grace Clinton, 115. min); Lauren Hemp, Alessia Russo (Michelle Agyemang, 71. min) eta Lauren James (Chloe Kelly, 41. min).

1 – Espainia: Cata Coll; Ona Batlle, Irene Paredes, Laia Aleixandri, Olga Carmona (Leila Ouahabi, 105. min); Aitana Bonmati, Patri Guijarro, Alexia Putellas (Claudia Pina, 71. min); Athenea del Castillo (Salma Paralluelo, 89. min), Esther Gonzalez (Vicky Lopez, 89. min) eta Mariona Caldentey.

Golak: 0-1, 25. min: Mariona. 1-1, 57. min: Russo.

Penaltiak: 0-0: Mead, Catak gelditua. 0-1: Patri Guijarro, gola. 1-1: Greenwood, gola. 1-1: Mariona, Hamptonek gelditua. 2-1: Niahm Charles, gola. 2-1: Aitana, Hamptonek gelditua. 2-1: Williamson, Catak gelditua. 2-1: Salma Paralluelo, kanpora. 3-1: Chloe Kelly, gola.

Epailea: Stephanie Frappart (FRA). Txartel horia atera die Russo, Bronze eta Hemp Ingalaterrako jokalariei.

Albisteak (5)