Itxi

LAGUNARTEKOAK

Athleticek Liverpoolen aurkako bi lagunartekoak galdu ditu, Anfielden

AGENTZIAK | EITB

Leer en Castellano

Liverpool eta Athleticen arteko lehen partida 4-1 bukatu da. Ordubete geroago bigarren partida hasi da, eta beste porrot batekin bukatu da, 3-2ko emaitzarekin.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Athletic Clubek bi porrotekin eta, are kezkagarriagoa dena, hiru lesiorekin itxi du astelehen honetan Liverpoolen aurka Anfielden jokatu duen lagunarteko bikoitza.

Lehenengo partida (4-1)

Ingalaterrako taldea nagusi izan da lehen zatian. Hala, hasi eta berehala, neurketako bigarren minutuan sartu du Rio Ngumohak Liverpoolen aldeko lehen gola. Eta, ia jarraian, bosgarren minutuan, talde gorriak 2-0 utzi du markagailua Darwin Nuñez aurrelari uruguaitarrak area barrutik egindako errematearekin.

Robert Navarrok lehendabiziko lagunartekoan parte hartu du. Argazkia: EFE

Albiste txarrak elkarren segidan iritsi zaizkio Athletici. Izan ere, 12.minutuan Prados lesionatu eta Robert Navarro sartu da haren ordez. Eta hori gutxi balitz, Liverpoolen aldeko hirugarren gola sartu du Ben Doak aurrelariak, atsedenaldira iritsi aurretik.

Bigarren zatiaren hasierak lehenengoaren dinamikari eutsi dio. Liverpoolek gola sartu du eta Athleticek zenbait abagunetan huts egin du. Harvey Elliottena izan da gola, 58. minutuan. Kostata, baina azkenean, 75. minutuan, Guruzetak sartu du Bilboko taldearen gol bakarra, eta markagailua apur bat txukuntzeko balio izan du.

Gauzak horrela, 4-1 amaitu da Liverpool eta Athleticen arteko lagunartekoen lehen lehia.

Fitxa teknikoa:

4 - Liverpool: Woodman (Pecsi, m.46); Stephenson, Nyoni (Pilling, 67. min), Robertson, Tsimikas; Jones (Laffey, 85. min), Elliott, Mac Allister (Lucky, 58. min); Doak (Danns, 58. min), Rio Ngumoha (Doherty, 67. min) eta Darwin Núñez (Koumas, 80. min).

1 - Athletic: Padilla; Gorosabel (Johaneko, 73. min), Lekue, De Luis, Unai Gómez; Rego (Vencedor, 73. min), Prados (Robert Navarro, 13. min), Vesga; Serrano (Adu Ares, 73. min), Berenguer (Canales, 85. min) eta Guruzeta (Izeta, 85. min).

Golak: 1-0, 2. min: Ngumoha. 2-0, 5. min: Darwin Núñez. 30, 42. min: Doak. 4-0, 58. min: Elliott. 4-1, 76. min: Guruzeta.

Epailea: R. Jones (Inglaterra). Txartel horia atera dio Rego bisitariari (m.18. min).

Bigarren partida (3-2)

Eguneko bigarren norgehiagokan, bi taldeetako jokalari titularrek jardun dute, eta Athleticek itxura lehiakorra eman du, nahiz eta bigarren neurketa ere galdu; hori bai, etxeko taldea nagusi izan da, oro har. Valverderen mutilek birritan berdindu dute markagailua eta azken minutuetan berdinketa gertu izan dute, baina Giorgi Mamardashvilik hiru geldiketa erabakigarri egin ditu.

Nico Williams, bigarren neurketako une batean. Argazkia: EFE

Ingalaterrako taldearen garaipena bidezkoa izan da, Cody Gakporen paper bikainarekin, hiru gol egin baititu, bi alde eta bat bere atean. Herbeheretarrak 2-1ekoa eta 3-2koa sartu ditu gorrientzat, eta 2-2koa nahi gabe egin du, baloi bat bere sare barrura desbideratuta, Maroan Sannadi aurrelari zuri-gorriaaren burukada baten ostean.

Aurretik, lehen zatian, Mohamed Salahk erdietsi du lehiako estreinako gola, 14. minutuan, eta Sancetek partida berdindu du, hamabost minutu geroago, geldikako gola eginda.

Liverpoolek beste golerako aukera izan du, baina Salahri gora joan zaio Vivianek Endori egindako penaltiaren jaurtiketa, eta Wrightek Simonekin egin du topo etxekoen kontraeraso argi batean. Hala ere, hirugarren aldiz berdintzeko aukera ere izan du Athleticek, Adu Aresen, Adamaren eta Izetaren hiru jaurtiketei esker.

Fitxa teknikoa:

3 - Liverpool: Mamardashvili; Frimpong (Nallo, 72. min), Konate, Endo, Kerkez; Gravenberch, Szoboszlai, Wirtz (Wright, 74. min); Salah, Gakpo eta Ekitiké (Chiesa, 57. min).

2 - Athletic: Unai Simón; Areso, Vivián, Yuri (Duñabeitia, 75. min), Adama; Galarreta (Vencedor, 78. min), Jauregizar; Iñaki Williams, Sancet (Canales, 42. min), Nico Williams (Johaneko, 78. min); eta Maroan (Izeta, 78. min).

Golak: 1-0, 14. min: Salah. 1-1, 29. min: Sancet. 2-1, 55. min: Gakpo. 2-2, 64. min: Gakpo (bere atean) 3-2, 70. min: Gakpo.

Epailea: D. England. Txartel horia erakutsi dio Galarreta bisitariari (53. min).

Hiru zuri-gorri lesionatuta

Lesioak eguneko albisterik okerrean izan dira Athleticentzat. Lehendabizko neurketan, Beñat Pradosek utzi du zelai, itxuraz giharretako lesio batengatik. Bigarren lehian, berriz, Sancetek belauna minduta alde egin behar izan du, Dominik Szoboslai hungariarrarekin izandako jokaldi baten ondorioz; gerora, Yuri Berchichek ere aldaketa eskatu du min hartuta.

Diogo Jotari omenaldia

Lehenengo lagunartekoaren atarian, bi klubek Diogo Jota omendu dute, auto-istripu batean oraintsu hildako Liverpooleko jokalaria. Ekitaldi hunkigarri horretan, Phil Thompson Liverpooleko jokalari ohiak eta Jon Uriarte Athletic Clubeko presidenteak lore koroa bana jarri dituzte The Kop izenez ezagutzen den Anfieldeko iparraldeko harmailan.

Bideoak (2)