Itxi

EUSKAL HERRIA TXAPELA

Osasunak bereganatu du IX. Euskal Herria Txapela, Osanbelaren gol bati esker (0-1)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Asier Osanbela erdilari nafarrak bigarren zatian sartutako golak garaipena eman dio talde gorritxoari, aukera ugariko neurketa batean.

Rojillos y rojiblancos pugnan por un balón en la Euskal Herria Txapela. Foto: EFE

Asier Osanbelak partidaren azken txanpan sartutako gol batek garaipena eman dio Osasunari Athletic Cluben aurka, Barakaldoko Lasesarre zelaian jokatutako IX. Euskal Herria Txapelaren finalean.

Bizkaitarren eta nafarren artekoa 77. minutuan erabaki da, geldikako jokaldi nahasi batean. Hala, Osasunako harrobiko jokalariak baloia zuri-gorrien ate barrura bidali du, Mikel Santos atezain gazteak Kike Barjaren eta Osanbela beraren aurreko erremateen aurrean bi geldiketa egin ondoren.

Ernesto Valverde eta Alessio Lisci entrenatzaileek probak egiteko erabili dute neurketa. Ligako lehen hiru jardunaldietan minutu gutxien izan dituzten jokalariak zelairatu dituzte, eta, zuri-gorrien kasuan, baita harrobiko jokalari ugari ere, lehen taldeko deialdietan sartzen ari diren De Luis, Duñabeitia eta Rego tartean.

Lehen zatia entretenigarria izan da, eta Athleticek izan ditu abagune onenak, lehenengoak Osasunak izan ostean, 22. eta 24. minutuetan, Ruben Garciaren falta jaurtiketa baten bidez eta Osanbelaren burukada batekin, baina Alex Padillak geldiketa onak egin ditu bietan.

Bilbotarren erantzuna 30. minutuaren bueltan iritsi da, Nico Serranoren bi aukera garbirekin. Lehendabizikoan, Orkoiengoak Aitor Fernandezen gorputzaren aurka bidali du baloia, Robert Navarrok gidatutako kontraeraso azkar batean. Handik gutxira, 36. minutuan, Serrano berriro saiatu da, areaz kanpotik bidalitako ezkerkada batekin, baina baloiak langa jo du.

Bigarren zatian, neurketak bizi jarraitu du, bi entrenatzaileek aldaketa ugari egin dituzten arren. Jokaldi arriskutsuak izan dira bi areatan, hala nola Iker Benitoren jaurtiketa on bat edota Unai Gomezen burukada bat. Norgehiagoka, hala ere, ez da erabaki Osanbelaren gola iritsi den arte.

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic Club: Padilla (Santos, 67. min): Gorosabel, Duñabeitia (Iker Monreal, 59. min), Jon De Luis, Adama (Irurita, 67. min); Rego, Vesga (Adrián Pérez, 59. min); Navarro, Unai Gómez (Eder García, 76. min), Nico Serrano (Ibon Sánchez, 76. min); eta Guruzeta (Izeta, 59. min).

1 - Osasuna: Aitor Fernández; Iker Benito (Chasco, 77. min), Osanbela, Herrando (Catena, 69. min), Abel Bretones (Juan Cruz, 77. min); Iker Muñoz (Víctor Muñoz, 69. min), Moncayola (Torró, 46. min); Kike Barja, Moi Gómez (Oroz, 21. min); Rubén García; eta Raúl García.

Gola: 0-1, 77. min: Osanbela.

Epailea: Gorka Etayo. Txartel horia atera dio Osasunako Iker Muñozi (35. min).

Gorabeherak: Lasesarren (Barakaldo) jokatu da Euskal Herria Txapelaren bederatzigarren edizioaren finala, 3.000 ikusle ingururen aurrean. Partida hasi aurretik Mikel Garcia atletismoko munduko txapelduna eta Markel Susaeta Athleticeko jokalari ohia omendu dituzte.

Bideoak (1)