Kanporaketak
Osasunak eta Alavesek Erreginaren Kopako hurrengo faserako sailkapena lortu dute
EITB Media
Arabarrek 0-5 irabazi diote Bizkerreri Faduran (Getxo). Era berean, gorritxoek Huesca (0-3) hartu dute mendean, Aragoin.
Irudia: @Osasuna_fem / @AlavesFem
Alavesek eta Osasunak Erreginaren Kopako hurrengo kanporaketarako txartela lortu dute gaur arratsalde-gauean, Bizkerre eta Huesca mendean hartuta, hurrenez hurren. Arabarrek 0-5 irabazi diete bizkaitarrei Faduran (Getxo), eta gorritxoek gauza bera egin dute Aragoin (0-3).
Arabarren kasuan, azkar aurreratu dira markagailuan, 12. minutuan, Raquelen bitartez. Atsedenaldira iritsi aurretik Raquelek bere lana biribildu du hat-tricka lortuz, 18. eta 45. minutuetan bi gol gehiago sartuta.
Atsedenaldiaren ostean, talde gasteiztarrak lanean jarraitu du, eta beste bi gol sartu ditu. Paula Leonek (65. minutua) eta Elenek (89) egin dituzte golak.
Bestalde, talde nafarrak jokatutako norgehiagokan, gorritxoek ez dute markagailuan aurrea hartzea lortu 27. minutura arte, Marinak Huescako atea lehen aldiz zulatzea lortu duenean.
Osasunak bere abantaila handitzeko erasoan jarraitu du, eta hori atsedenaldiaren atarian lortu du, Churrucak sartutako gol batekin (44. minutua).
Atsedenaldiaren ostean, gorritxoek erritmo lehiakorrari eutsi diote, eta hirugarren gol batekin itxi dute norgehiagoka, Palaciosek 68. minutuan sartutakoa.