Komunikatua
Euskadiko Federazioak ez du Palestinaren kontrako partida itxitzat jo, baina lanean ari direla baieztatu du
EITB MEDIA
Ohar batean azaldutakoaren arabera, Euskadiko Futbol Federazioak onartu du denbora daramatela Palestinako Federazioarekin negoziatzen.
Euskal Selekzioaren artxiboko irudia. EFE
Euskadiko Futbol Federazioak prentsa-oharra argitaratu du, Euskadi-Palestina selekzioen arteko partidaren berri emanez Ser irrati kateak asteazken gauean zabaldutako albistea argitzeko asmoz.
Agiri horren esanetan, bi federazioak "lanean ari dira Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko lagunarteko norgehiagoka solidarioa" antolatzeko, "bakea eskatzeko eta defendatzeko". Dena den, antolatzeko lanak "konplexuak" direla azaldu dute arduradunek.
Horrenbestez, "unea iritsita, partidaren inguruko xehetasunen berri" emango dutela argitu dute.