Itxi

Hypermotion Liga

Ziganda, Cultural Leonesaren entrenatzaile berria

EITB Media

Leer en Castellano

Larraintzarreko entrenatzaileak kargugabetutako Raul Llonaren lekua hartuko du, eta estreinaldi ofiziala ligako zazpigarren jardunaldian iritsiko da, datorren igandean, 18:30ean, Valladoliden aurkako derbian, Jose Zorrilla futbol-zelaian.

Jose Angel Zigandaren aurkezpena, Leonen. Irudia: Cultural y Deportiva Leonesa

Cultural Leonesa Jose Angel Cuco Ziganda 58 urteko entrenatzaile nafarrarekin akordio batera iritsi da denboraldi honetarako, eta lehen taldearen entrenatzaile izango da.

Larraintzarreko entrenatzailea Jorge Perez eta Julian Marin teknikariekin batera iritsiko da Leonera, eta gaur arratsaldean zuzenduko du lehen entrenamendua. Bihar, berriz, aulkian eseriko da Leongo Erresuma futbol-zelaian jokatuko den lauko txapelketa solidarioan. Ponferradinak, Zamorak eta Ourensek parte hartuko dute lauko lehia horretan.

Hala ere, estreinaldi ofiziala, Raul Llona entrenatzailea ordezkatuz, ez du datorren igandera arte izango Valladoliden aurkako derbian, Jose Zorrilla futbol-zelaian, 18:30ean.

Ziganda futbolari profesionala izan zen Osasuna eta Athleticen, 381 partida jokatu zituen maila gorenean, eta 111 gol sartu.

Jokalari ibilbidea amaitu ondoren, prestatzaile gisa hasi zen gorritxoen harrobian, eta, ondoren, Xerez Club Deportivo, Athletic, Real Oviedo eta SD Huesca zuzendu ditu. Huescak 2023ko urrian kendu zuen kargutik, eta gaurdaino bere azken abentura izan da aulkietan.