Itxi

Lehen Maila

Ligak bertan behera utzi du Miamin jokatzekoa zen Vila-real - Bartzelona norgehiagoka

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Espainiako Futbolarien Elkartea (AFE) pozik agertu da neurketa bertan behera geratu delako, "futbolariek hitz egiten dakiten tokian duten indarra erakutsi dutelako: futbol-zelaian".

Santiago Mouriño, Vila-real taldeko hegaleko jokalaria. Argazkia: Europa Press

Ligak gaur iragarri duenez, Miamin (AEB) jokatu beharrekoa zen Vila-realen eta Bartzelonaren arteko Lehen Mailako hamazazpigarren jardunaldiko norgehiagoka bertan behera geratuko da, "azken asteetan Espainian sortutako ziurgabetasunagatik".

Ligak ohar bidez jakinarazi duenez, "Miamiko Ligaren Partida Ofizialaren bultzatzailearekin hitz egin ostean, ekitaldiaren antolaketa bertan behera uzteko erabakia hartu du, azken asteetan Espainian sortutako ziurgabetasuna dela eta".

Ligak gaineratu duenez, "biziki deitoratzen du Espainiako futbola nazioartekotzeko aukera historiko eta paregabea ematen zuen proiektu honek aurrera egin ezin izatea".

Espainiako Futbolarien Elkartea (AFE), aldiz, pozik agertu da partida bertan behera geratu delako, "futbolariek hitz egiten dakiten tokian duten indarra erakutsi dutelako: futbol-zelaian".

Bestalde, Vila-real haserre azaldu da Ligak neurketa nola kudeatu duen ikusita eta Alacanteko taldea Txapeldunen Ligako partida jokatzen ari zela proiektua bertan behera utziko zuela iragarri dutelako.

Bartzelonak oharra igorri du gaur, eta bertan adierazi duenez, "Ligako 17. jardunaldiari dagokion Vila-realen aurkako neurketa bertan behera uzteko erabakia errespetatzen eta onartzen du". Nabarmendu duenez, errespetatu eta onartu egiten du, "garai batean hartutako jokatzeko erabakia onartu eta errespetatu zuen bezala".

Aldi berean, Kataluniako taldeak adierazi duenez, "lehiaketaren irudia merkatu estrategiko batera zabaltzeko galdutako aukera" deitoratu du, "horrek hazteko eta baliabideak sortzeko aukera emango baitzuen, mundu guztiaren mesedetan".

Bigarren aldia da Ligak Ameriketako Estatu Batuetara partida bat eramateko saiakera geldiarazten duela, orain, batez ere, Espainiako Futbolarien Elkartearen (AFE) ezezkoagatik, eta 2018an patronalak norgehiagoka sustatu zuen Relevent enpresarekin akordioa lortu ondoren, Federazioaren oposizioagatik.

Liga eta RFEF auzitara joan ziren duela bost urte, bigarrenak uko egin ziolako 2018-2019 denboraldiko Girona-Bartzelona partida AEBn egitea onartzeari. Auzi hori patronalak galdu zuen, lehenik Madrilgo merkataritza-arloko epaitegi batean, ondoren, Lurralde Auzitegian, eta, gero, Auzitegi Gorenean.