Itxi

Errege Kopa

Portugaletek Valladolid kanporatu du, eta Errege Kopako bigarren kanporaketarako sailkatu da

EITB

Leer en Castellano

Bizkaiko taldea, 3. RFEF mailakoa bera, 1-0 gailendu zaio Bigarren Mailan dabilen aurkariari, eta txapelketan jarraituko du. Arenas eta Mutilvera, ordea, kanpo gelditu dira, Numantziaren (3-0) eta Zaragozaren aurka galdu baitute, hurrenez hurren.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Portugalete 2025-2026 denboraldiko Errege Kopako bigarren kanporaketarako sailkatu da, eta Arenas eta Mutilvera txapelketako lehen kanporaketan lehiatik kanpo gelditu dira, asteazken gauean. Hain zuzen ere, Portugaletek Valladolid menderatu du, 1-0, Arenasek Numantziaren aurka galdu du, 3-0, eta Mutilverak ezin izan du Zaragozaren aurka (1-3).

Testuinguru horretan, Portugaletek Kopako lehen kanporaketako ustekaberik handienetakoa eman du; izan ere, 3. RFEF mailako taldea izanik, Bigarren Mailan dabilen talde bat utzi du lehiatik at. Giro bikaina izan da Florida futbol zelaian, eta Xabi Gomezek sartu du, 57. Minutuan, Portugaleteri sailkatzea ekarri dion gol erabakigarria.

Los Pajaritos futbol zelaian, Arenasek, 1. RFEFeko taldea bera, ezin izan du 2. RFEFeko Numantzia mendean hartu. Soriako taldea 68. minutuan jarri da aurretik markagailuan, Javi Bonillak penaltiz sartutako golaren bidez, eta Jonyk eta Juanchok egin dituzte beste bi golak, 73. eta 76. minutuetan. Hala, Arenasek bigarren zatiko zortzi minututan galdu du kanporaketa.

Municipal Valle de Aranguren futbol zelaian, Bigarren Mailako Zaragozak Bigarren RFEFeko Mutilvera kanporatu du. Roncalek bere atean sartutako gol bati esker, Aragoiko taldeak aurrea hartu du, 14. minutuan; 25.ean, Juan Sebastianek 0-2koa egin du; eta partidako azken minutuetan, 78.ean, Kenan Kodrok hirugarrena sartu du. 88. minutuan, Goñik lortu du Mutilveraren gola; zaleek txalo artean agurtu dute Nafarroako taldea, partida amaituta.

Horrenbestez, azaroaren 11n egingo duten zozketan, Portugalete ere izango da; orain arte, Realak, Osasunak eta Eibarrek ere bermatu dute bertan izango direla, euskal taldeei dagokienez.

Albisteak (3)

Bideoak (1)