Itxi

EA Sports Liga

Realak mendean hartu du Athletic derbi frenetikoan (3-2)

I. G. | EITB

Leer en Castellano

Braisek eta Guedesek bi aldiz aurreratu dute talde txuri-urdina, baina Guruzetak eta Navarrok markagailua berdindu dute. Gorrotxategik sartu du garaipenaren gola.

Vivian eta Brais partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE

Realak 3-2 irabazi du larunbat honetan, EA Sports Ligako 11. jardunaldian, Anoetan Athleticen aurka jokatu duen euskal derbia.

Partidaren lehen ordu laurdena oso bizia izan da, bi taldeek goian presionatu dute eta aurkaria gainean estutu dute, Remiro eta Simon proban jarri gabe. Solerrek egin du lehen jaurtiketa, boleaz, eta atezain zuri-gorriak lan egin behar izan du. Handik gutxira, Oyarzabalek txuri-urdinen aukera onenetako bat izan du. Hala ere, dena alde zuela, horren ezkerkada kanpora joan da.

Zuri-gorriek baloiarekin nagusitasun handiagoa izan dute, baina azken metroetan ideiak falta izan zaizkie. Guruzeta buruz saiatu da, baina baloia kanpora joan zaio.

Lehen zatiko azken minutuetan, Realak kontraeraso bat erabili du markagailua mugitzeko: Barrenetxeak erditu, Oyarzabalek ikutu eta Braisek bigarren aukeran sartu du, Unaik lehen jaurtiketa gelditu ondoren (1-0).

Athleticen erreakzioak ez du itxaron. Gorosabelek barnealdi ona egin du hegaletik, Guruzetari utzi dio eta honek berdinketa jarri du markagailuan (1-1).

Bigarren zatia hasi eta berehala, Guedesek Athleticen huts bat aprobetxatu du Reala berriro aurretik jartzeko (2-1).

Kubok eta Zakharyanek hirugarren gola sartu dute jokaldi konbinatu bat egin ondoren. Dena den, gola baliorik gabe utzi du epaileak, japoniarra jokoz kanpo zegoelako.

Laportek berdinketa lortzeko aukera izan du, Navarroren erdiraketa bat buruz errematatuta. Aukera ustela izan da, ordea. 

Hamar minuturen faltan, Vivianek baloia orraztu du atera, Remirok gelditu egin du, baina Navarrok aldaratzea harrapatu eta gola egin du (2-2).

Luzapenean, Gorrotxategik garaipenaren gola sartu du, baloia area barruan gogor astinduta (3-2).