Aditu baten arabera
'Madril, Barça eta Athletic kenduta, guztiak desager litezke'
Erredakzioa
Jose Maria Gay de Liebana ekonomialariaren hitzetan, zenbait talde "lehertzeko arriskuan daude", edo gutxienez egoera ekonomiko "oso zailak" igarotzeko zorian.
Espainiako futbol talde guztiek, Real Madril, Bartzelona eta Athletic kenduta, desagertzeko arriskua izan dezakete; izan ere, futbol ereduan gastuak diru-sarrerak baino handiagoak dira egun, Jose Maria Gay de Liebana ekonomialariak iragarri duenez.
Bartzelonako Unibertsitateko irakaslearen hitzetan, zenbait talde "lehertzeko arriskuan daude", edo gutxienez egoera ekonomiko "oso zailak" bizitzeko zorian. Espainian "futbola hiltzen" ari direla ohartarazi du.
Offside aldizkarian argitaratutako elkarrizketan, Espainiako futbol profesionalaren egoera aztertu du Gayk. Espainiako eredua Europako liga indartsuenekin (Alemania, Frantzia, Ingalaterra eta Italia) alderatu du.
Herrialde guztietan gastuak diru-sarrerak baino handiagoak dira. Ingalaterran 2.507 milioi euroko diru-sarrera dago, baina 2.849 milioi euro xahutzen dira; Alemanian 1.746 milioi euro sartu eta 1.889 gastatzen dira; Italian 1.569 milioi euroko diru-sarrera dago eta 2.212 milioi euro xahutzen dituzte taldeek; eta Frantzian 1.059 milioi euro sartu eta 1.308 gastatzen dira.
Espainiako eredua
Espainian egoera ez da oso bestelakoa, taldeek 1.669 milioi euroko diru-sarrera dute, baina 1.830 milioi euro xahutzen dituzte.
Gay de Liebanaren esanetan, Espainiako ereduaren arazoek telebistako diru-sarrerekin lotura dute; izan ere, klubek lortzen duten diruaren % 38 da.
Ingalaterran, Manchester Unitedek telebistako diru-sarreraren % 13,1 bereganatzen du eta gehien eskuratzen duen taldea da. Espainian, ostera, Real Madrilek (% 25,2) eta Bartzelonak (% 24,1) telebistako aurrekontuaren erdia jaten dute. Ondoren Valentziak % 6,5 bereganatzen du, 2010-2011 Ligako datuen arabera.