Afrikako Kopa
Nigeriako 'arrano berdeak', txapeldunak bi hamarkada geroago
Erredakzioa
Afrikako futbolaren erregetza konkistatu du berriro Nigeriak, Afrikako Kopako finalean Burkina Fasori Mbaren gol bakarraren aldearekin irabazita (1-0).
Nigeriako futbol selekzioa Afrikako txapeldun da berriz atzodanik, Johannesburgen finala Burkina Fasori irabazi eta gero. Hemeretzi urte geroago, Afrikako Nazioen Kopako titulua berreskuratu dute 'arrano berdeek', Mbaren golari esker (1-0).
Burkina Fasoren aurkako norgehiagoka une oro kontrolatu zuen Nigeriak, Obi Mikel Chelseako jokalariaren gidaritzari esker. Markagailuak bestelako neurketa irudika dezakeen arren, arazo asko sortu zizkioten nigeriarrek Burkina Fasori, eta atzean ez zuten akatsik egin.
Burkina Fasoren aukera argiena Bancek izan zuen, Pitroiparen jokaldi on baten ostean. Nigeria, hala ere, askoz gehiago heldu zen Afrikako txapelketan ezustekoa eman duen taldearen ateetara. Jokaldi onak egin zituzten nigeriarrek hegalak erabilita, eta Burkina Fasori arrisku handia sortu zioten.
40. minutuan, Nigeriaren jokoak saria jaso zuen, eta Sunday Mbak Burkina Fasoren atzelariek urrundutako baloi bat jaso eta Diakiteren atean sartu zuen baloia. Bigarren zatian, aldea handitzeko abagune garbiak izan zituzten Ideyek, Musak eta Mosesek, baina Burkina Faso aukerekin heldu zen azken minutuetara. Pitroipak, Bancek eta Nakoulmak, ordea, ez zuten txapelketan zehar erakutsitako maila eman.
Nigeriak arazorik gabe bukatu zuen finala, atzean sendo eta kontraerasoetan azkar, eta 1-0eko markagailuarekin bukatu zen partida. Afrikako Kopa eskuratu zuten 'arrano berdeek', hemeretzi urte geroago.
FITXA TEKNIKOA
Burkina Faso: Diakite; B. Kone (bdou Razak Traore, 90 min.), Koffi, Koulibaly (Dagano, 84. min), Rouamba (Sanou, 65. min.); D. Kone, Panandetiguiri, Kabore, Nakoulma; Bance, Pitroipa.
Nigeria: Enyeama; Elderson Echiejile (Oshaniwa, 67. min.), Ambrose, Oboabona; Omeruo, Onazi, Mikel, Mba (Yobo, 89. min.), Ideye Moses, Uche (Musa, 54. min.).
Gol: 0-1, m. 40: Mba.