Itxi

''Faxista'' deitzen diote

Salva Ballestaren adierazpenik polemikoenak

M.D.

Zaragozako futbolari ohiaren adierazpen polemikoenak gogoratzen dizkizugu, Celtak bigarren entrenatzailea bezala ez kontratatzeko erabakia hartu ostean.

Salva Ballesta, gol bat militarren agurrarekin ospatzen.

Salva Ballestak ez du "ideia politiko zehatzik", baina Celtako afizioak "fatxa izateagatik" baztertzen duela esan du futbolari ohiak. Atletico, Racing, Malaga eta Valentzia taldeetako jokalari ohiak Celtaren erabakia politikoa dela esan du, baina bere ibilibidean zehar egindako adierazpenek kiroltasunarekin konprometituta ez dagoen pertsonaia erakusten dute.

Salvak, futbolaria zenean, Espainiako bandera eta 'Arriba España' esaldia ("burdin goriaz inskribatua") erakusten zituen botetan. Horren arabera, "horrela izan behar gara espainiar guztiak, beste herrialde batera zoazenean, denok defendatzen dutelako. Hemen denok ergelak garela ematen du". Tradizio militarreko familia batean hezia, "aberria" bere familiaren gainetik jartzen du Salvak. Askotan adierazi duenez, sendi militar batean ohikoa da sentimendu hori, eta bere aitaren babesa dauka: "Gaur egun txarto ikusita dago espainiarra izatea eta norberaren herrialdea defendatzea. Espainia zerbitzatu heriotzara arte!".

Futbolari ohiak "apolitikotzat" eta soilik "espainiartzat" dauka bere burua. 2012ko apirilean, Alderdi Popularra bozkatu zuela esan zuen, nahiz eta berriro ez bozkatzeko prest dagoen, "txarto egiten badute", eta PSOEren alde inoiz ez duela botoa emango baieztatu du. Salva Ballesta ez da "eskuindarra ezta ezkertiarra" ere, baina berak esandako asko ideologia faxistatik hurbil dago. Hugo Sanchez bere futbol munduko idoloa da, baina, kirolatik kanpo, Garcia Morato eta Hans Rudel miresten ditu bereziki. Lehenengoa Espainiako Gerra Zibilean frankisten alde borrokatu zen hegazkinlaria izan zen; bigarrena, Bigarren Mundu Gerrako pilotu alemaniarra. Antonio Tejero ere, otsailaren 23ko estatu kolpean parte hartu zuen guardia zibila, Salvaren idoloa da, edo, behintzat, ezagutu nahiko lukeen pertsonen artean dago, 2006an esan zuenez.

Salvak "ideologiarik ez" duen arren, askotan hitz egin du gai politikoen inguruan. Kataluniako Estatuta "lotsagarria" eta "gehiegizkoa" iruditu zion; Irakeko gerrara "oso gustora" joango litzateke, "Aznarrek eskatuta, lehenengoa"; eta M-11ko atentatuen ostean, "pankartez eta txorakeri horietaz aparte", bestelako neurriak eskatu zituen: "Legeei eutsi nahi die Espainiako gizartea; behar bezala jarduten bazara, gizateriaren aurka zoazela diote, baina nik argi daukat, eta hori esateko barrabilak ditut".

Futbolari ohia, Ligako pitxitxia izan zen garaian, militarren agurrarekin ospatzen zituen golak. Osasunaren aurka ere aritu zen behin, eta Sadarreko partida batean, zera esan zion publikoari: "Gora Espainia, putakumeak!". Ballesta, "fededuna eta kristaua", Oleguer lankideari buruz ere iritzia eman zuen, Bartzelonako futbolaria zenean: "Txakur-kaka bati errespetu handiagoa diot".

Albisteak (2)