Itxi

Klasiko zuria

Real Madril, Kopako finalera Bartzelonari irabazita

Erredakzioa

Jose Mourinhoren taldeak Bartzelona kanporatu du Kopatik (1-3), Cristiano Ronaldoren (bi) eta Varaneren golei esker.

Real Madril, Kopako finalera. Argazkia: EFE.

Real Madrilek Bartzelonaren aurkako azkenaldiko partidarik onena egin zuen atzo. Kataluniako taldeari argi eta garbi nagusitu zitzaion (1-3), eta Errege Kopako finalera igaro zen. Cristiano Ronaldok eta Varanek egin zituzten Madrileko taldearen golak.

Txapeldunen Ligan Milanen aurka galdu ondoren (2-0), Bartzelonak gidoia errepikatu zuen eta erantzunik gabe ibili zen partida osoan zehar. Aurrean ondo antolatutako taldea izan zuen. Jose Mourinhoren jokalariek Nou Campen jokatutako azken partidetako ibilbide onarekin jarraitu eta aurkari nagusia kanporatzea lortu zuten.

Bartzelonak emanaldi handietako hamaikakoa zelairatu zuen, Villarik gabe, eta neurketaren kontrola izan zuen, baina ez zuen Real Madrilen ateetan arrisku handirik sortu. Lehenengo zatian, Iniestaren errematea eta Messik jaurtitako falta izan ziren Bartzelonaren aukera bakarrak. Cristiano Ronaldok, aldiz, hutsune guztiak aprobetxatu zituen eta beldurra eragin zion Bartzelonako taldeari.

13. minutuan, Piquek lurrera bota zuen Ronaldo area barruan, aurrelariaren jokaldi azkar batean, eta Real Madrilek penaltiz lortu zuen lehenengo gola. Zurien asmoak benetakoak ziren. Bigarren zatian, norgehiagokaren nagusitasuna berreskuratzen saiatu zen Bartzelona, baina ahalegin guztia egiten ari zenean, Cristiano Ronaldok erabakita utzi zuen kanporaketa.

Varanek, Real Madrileko denboraldiaren ustekabe nagusiak, zurien hirugarrena egin zuen 68. minutuan, eta sailkapena ziurtatuta utzi zuen. Albak Bartzeloaren gola sartu zuen 89. minutuan, beranduegi. Errege Kopako finalean, Atletico Madril edo Sevilla izango du Real Madrilek aurkari.

Larunbatean errepikatuko da 'klasikoa'. Bartzelonak ia irabazita du Liga, baina norgehiagoka hori erabakigarria izango da Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako itzuliari aurre egiteko animoak neurtzeko: Manchester United-Real Madril (joanekoan 1eko berdinketa lortu zuten) eta Bartzelona-Milan.

Albisteak (2)