BBVA Liga
Celtaren porrotak mesede egin die Osasunari eta Athletici
Erredakzioa
Vigoko taldeak 4-1 galdu zuen Sevillaren aurka Sanchez Pizjuanen, eta jaitsiera postuetan jarraitzen du. Gorritxoek bost puntuko abantaila dute Celtarekiko, eta zuri-gorriek, sei puntukoa.
Celtak Sevillaren aurka jokatu zuen BBVA Ligako 26. jardunaldiko azken partida, eta Sanchez Pizjuanen 4-1 galdu zuen Vigoko taldeak. Emaitza honek mesede egin die salbazioa lortzeko lehian murgilduta dauden Osasunari eta Athletici.
Osasunak Celtarekiko zuen bost puntuko abantaila mantendu du Athleticen aurkako derbia galdu arren, eta Athleticek hiru puntutik sei puntura areagotu du talde galiziarrarekiko zuen abantaila.
Osasuna sailkapeneko hamabosgarren postuan dago 28 punturekin, eta Athletic hamalaugarren postuan aurkitzen da 29 punturekin. Celta jaitsiera postuetan dago 23 punturrekin. Gorritxoek eta zuri-gorriek Zaragoza (25 puntu) eta Granada (26 puntu) ere badituzte azpitik sailkapenean.