Itxi

Greziako liga

Atenaseko AEK bigarren mailara jaitsi da, zigor bat jaso ostean

Erredakzioa

Lehiaketa batzordeak zigorra jarri dio iragan asteburuan zaleek sortutako istilu larriengatik. Ondorioz, hiru puntu kendu dizkiote taldeari eta bigarren mailan da matematikoki.

Zaleek istilu larriak sortu zituzten AEK-k gola bere atean sartu ostean. Efe.

Greziako ligako Diziplina Batzordeak jarritako zigorrak bigarren mailara jaisteko behar zuen azken bultzada eman dio Atenaseko AEK talde historikoari. Zigorraren eraginez, Panthrakikos taldeari eman diote iragan asteburuko garaipena.

Partida horretan izandako istilu larrien ondorioz, Diziplina Batzordeak 0 eta 3ko garaipena eman dio talde bisitariari eta, horrez gain, hiru puntu kendu dizkio AEKri. Atenaseko taldea sailkapeneko zuloan da eta zigorrak bigarren mailara jaitsiarazi du, liga bukatzeko jardunaldi baten faltan.

Istiluak 87. minutuan euren atean gola sartu ondoren hasi ziren. Zale talde bat berdegunera atera zen eta jokalariak ihesean atera behar izan zuten.

Greziako Poliziak gas negareragileak erabili zituen istiluekin amaitzeko, baina zenbait zalek futbol zelaiko aulkiak eta bestelako gauzak apurtzen jarraitu zuten.

Egoera ikusita, epaileak partida bertan behera uztea erabaki zuen.

Talde historikoa

AEK-k 89 urteko historia dauka eta Greziako ligako talde handienen artean dago. Atenasekoek Diziplina Batzordearen erabakiaren kontrako errekurtsoa aurkezteko aukera dute Greziako Futbol Federazioan, baina jaitsiera sahiestea ezinezkoa dirudi.

Kluba 1924ean sortu zuten Turkia eta Greziaren arteko guidaren ondorioz Turkiatik ateratako greziar errefuxiatu batzuek. Guztira, 29 txapelketa irabazi ditu.