Gironaren aurka
Alaves, Bigarren Mailari hasiera emateko prest
Erredakzioa
Arabako taldea zilarrezko mailara itzuli da, eta Natxo Gonzalezen gizonek borrokarako prest daudela erakutsi nahiko dute Gironaren aurka, Montilivin (gaur, 21:00etan).
Alavesek eta Gironak 2013-2014 denboraldiko aurreneko norgehiagoka jokatuko dute, Montilivin (21:00etan). Kataluniako taldeak defentsan baja ugari ditu, eta zuri-urdinek egoera hori ondo aprobetxatu beharko dute.
Lau denboraldi Bigarren B Mailan eman ondoren, Alaves zilarrezko mailara gogor borrokatzeko itzuli da. Natxo Gonzalezen gizonek aurkari xumeak izan dituzte denboraldi-aurrean, eta Gironaren kontra mailarik onena eman beharko dute. Helburu argia salbazioa lortzea da, baina horretarako puntuak batzen hasi beharko dute.
Arabazo taldeak iragan denboraldiko bizkarhezurra mantentzen du, baina hamar fitxaketa garrantzitsu egin ditu. Manu Garcia eta Nano ez dira Montilivin izango, lehenengoa zigortuta eta bigarrena lesionatuta daudelako.
Badirudi, Natxo Gonzalezek Unai Medina gaztea jarriko duela ezker hegalean, bi baja garrantzitsuak direla eta.
Ustezko hamaikakoak:
Girona: Becerra; Ramalho, Migue, Richy, David Garcia; Juanlu, Matamala, David Timor, Jofre; Felipe eta Chando.
Alaves: Goitia; Oscar Rubio, Luciano, Mora, Medina; Jaume, Beobide; Guzman, Viguera, Oscar Serrano; Quiroga.