Itxi

Superkopa

Atletico Madrilek eta Barçak 1-1 egin dute, joaneko partidan

Erredakzioa

David Villa Bartzelonako jokalari ohiak 1-0ekoa jarri zuen markagailuan, lehenengo zatian, baina Martinoren gizonak suspertu egin ziren, eta Neymarrek berdinketaren gola lortu zuen.

Neymar, gola ospatzen. Argazkia: EFE

Atletico Madrilek eta Bartzelonak bana egin dute Superkopako joaneko norgehiagokan, Vicente Calderon estadioan. Golak udan ohiartzun handiena izan duten fitxaketek egin dituzte. David Villak Madrilgo taldearen gola lortu du, bere taldekide ohien aurka, eta Neymarrek 1-1ekoa jarri du markagailuan.

Bi taldeek ezin hobeto hasi dute denboraldia. Martinoren gizonek sekulako jipoia eman zioten Levanteri, eta Atleticok Sevilla gainditzea lortu zuen, Sanchez Pizjuan estadioan. Simeonren mutilek finalei neurria hartuta diote, eta aurreneko minututik intentsitate handiarekin jokatu dute. Hala ere, bigarren zatian Cesc Frabregasek eta Neymarrek erasoan min egin dute, eta brasildarrak berdinketaren gola lortu du. Denboraldiko lehenengo titulua, Camp Nou estadioan erabakiko da.

- Fitxa teknikoa:

1 - Atletico Madril: Courtois; Juanfran, Miranda, Godin, Filipe; Diego Costa (Cristian 'Cebolla' Rodríguez, 79. minutuan), Mario, Gabi, Koke (Oliver Torres, 72. minutuan), Arda (Leo Baptistao, 76. minutuan); eta Villa.

1 - Bartzelona: Victor Valdes; Alves, Pique, Mascherano, Jordi Alba; Iniesta, Sergio Busquets, Xavi (Song, 89. minutuan); Alexis, Messi (Cesc, 46. minutuan) eta Pedro (Neymar, 59. minutuan).

Golak: 1-0, 12. minutuan: Villa. 1-1, 66. minutuan: Neymarrek, buruz.

Albisteak (2)