Ia 50 milioi euroren truke
Mesut Özil, Arsenalera
Erredakzioa
Londreseko taldeak fitxaketen epea bukatu baino minutu gutxi aurretik konfirmatu du albistea. Özil Arsene Wenger entrenatzailearen aginduetara jarriko da, Alemaniarekin jokatu ondoren.
Arsenalek azkenengo orduan fitxatu du Mesut Özil alemaniarra, ia 50 milioi euroren truke.
"Mesut Özil erdilari alemaniarrak Arsenal taldearekin akordioa sinatu du. Klubak bere markak hautsi ditu fitxaketa honetan", azaldu du Londreseko taldeak bere webgunean.
Real Madrilek ere albistea azkenengo orduan konfirmatu zuen, baina Florentino Perez presidenteak zuzentzen duen klubak ez ditu akordioaren nondik norakoak azaldu.
Özil 2010-2011 denboraldian heldu zen Madrilera, "merengeek" Werder Bremen taldeari 18 milioi euro ordainduta.
"Mesut Özilen fitxaketarekin oso pozik gaude. Kalitate handiko jokalaria da, eta Alemaniako selekzioarekin ere duen maila erakutsi du. Arsenaleko jokalari batek eduki behar dituen ezaugarri guztiak batzen ditu", esan du Arsene Wenger teknikariak.