Errege Kopa (1-0)
Alavesek azken minutuan lortu du garaipena Zaragozaren aurka
Arabako taldeak 1-0 irabazi dio Zaragozari Mendizorrotzan, eta aurrera jarraitzen du Errege Kopan. Borja Viguerak sartu du partidako gol bakarra 94. minutuan.
Alavesek Errege Kopako hirugarren kanporaketa jokatzeko txartela lortu du Zaragozari 1-0 irabazi ostean. Arabako taldeak Mendizorrotzan jokatu du Kopako bigarren txandako partida Aragoiko taldearen aurka, eta Borja Viguerak azken minutuan sartutako golari esker, Alaves hirugarren kanporaketara jokatzeko sailkatu da, eta zozketa irailaren 16an egingo da. Arabakoen aurkaria Adelante Ligako beste talde bat izango da.
Bi taldeek ezohiko jokalari asko sartu dituzte hamaikakoetan, eta norgehiagokaren erritmoa ez da oso bizia izan. Lehen zatia kaskarra eta ia abagunerik gabekoa izan da. Borja Viguerak eduki du partidako lehen abagune argia, 50. minutuan, eta hurrengo jokaldian Zaragozaren erantzuna etorri da. Movillaren jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Ivan Crespo atezainak.
Norgehiagoka parekatua izan da, eta bazirudien partida luzapenera joango zela. 88. minutuan, ordea, Abrahamek txartel gorria ikusi du Medinari ukondokada emateagatik, eta Zaragoza jokalari bat gutxiagorekin geratu da. Jokalari bat gehiagorekin egonda ere, bazirudien etxeko taldeak ezingo zuela luzapena eragotzi, baina lortu du luzapenik ez egotea. 94. minutuan Oscar Serranok kornerra atera, eta Borja Viguerak 1-0ekoa sartu du erremate bikaina eginda. Alavesek gola sartu eta ez da gehiagorako denborarik egon. Azkenean, etxeko taldeak garaipena lortu du (1-0), eta aurrera jarraitzen du Kopan.
Fitxa Teknikoa:
1- Alaves: Crespo; Medina, Luciano, Alex Ortiz, Nano (Manu Garcia, 71. min); Schenone Lazaro (Jaume, 19. min); Juanma, Viguera, Serrano; Laborda (Toti, 82. min).
0- Zaragoza: Alcolea; Cortes, Laguardia, Alvaro, Rico; Acevedo (Tarsi, 73. min); Barkero, Movilla, Cidoncha, Roger (Abraham, 57. min); Orti (Porcar, 81. min).
Gola: 1-0, 94. min: Borja Viguera
Epailea: Arias Lopez.