Ruz epaileak darama kasua
Rosell salatu dute Neymarren fitxaketan 40 milioi desbideratzeagatik
Erredakzioa
Bartzelonako bazkidea den Jordi Casesek aurkeztu du salaketa Audientzia Nazionalean eta onartu egin dute. Gurtel eta Barcenas kasuak daramatzan Pablo Ruz epaileak hartuko du bere gain.
Sandro Rosell Bartzelonako presidentearen kontrako salaketa jarri dute, Neymarren fitxaketan ustez 40 milioi euro desbideratzeagatik. Jordi Cases Bartzelonako bazkideak jarri du salaketa Audientzia Nazionalean, eta onartu egin dute. Gurtel eta Barcenas kasuak daramatzan Ruz epaileak hartuko du bere gain.
El Mundo egunkariak astelehen honetan publikatu duenez, Jordi Casesek Neymarren fitxaketan 40 milioi euro desbideratzea leporatzen dio Sandro Roselli.
Bartzelonak 2013ko udan fitxatu zuen Neymar 57,1 milioi euroren truke, zifra ofizialen arabera. Bartzelonak 17, 1 milioi ordaindu zizkion Santos taldeari (bertan ari zen Neymar jokatzen) eta 40 milioi ordaindu zizkion jokalariaren eskubideak zituen N&N (Neymar and Neymar) enpresari. Bazkideen azken batzarrean eman zituen datu horiek Bartzelonak. Hainbat bazkidek galderak egin zizkioten Roselli fitxaketaren inguruko datuak gehiago argitzea eskatzeko, baina datuak isilpean gordetzeko klausula bat zegoela eta ezin zuela datu gehiago eman adierazi zuen Bartzelonako presidenteak.