Itxi

Peruren aurka

San Mames berriak Euskal Selekzioa hartuko du gaur

Erredakzioa

Amorrortuk eta Etxarrik zuzendutako taldeak Peruren aurka neurtuko ditu indarrak larunbat honetan, Bilbon, Gabonetako ohiko norgehiagokan.

Boliviaren aurkako iazko partida. Argazkia: EFE

Euskal Selekzioak Peru hartuko du larunbat honetan San Mames futbol-zelai berrian, Gabonetako ohiko partidan (20:45). Peruko selekzioa 39. postuan dago FIFAko sailkapenean, eta Bilbon etapa berri bati ekingo dio, buruan 2018. urteko Errusiako Munduko Futbol txapelketa duelarik.

Euskal Selekzioa Bilbora itzuliko da aurten, iazko Anoetako istilu larrien ostean. Segurtasun Sailak San Mameseko sarreretan kontrol zorrotzak egingo dituela iragarri du. Ondorioz, futbol-zelaira "ohi baino goizago" gerturatzeko gomendioa egin diete zaleei.

Kontrol horien bidez iaz Anoetan izandako istilu larriak saihestu nahi ditu Ertzaintzak. Aurrekoan bengalak piztu ziren eta Ertzaintzak kargak egin zituen zaleen aurka: azkenean, bi pertsona atxilotu zituzten eta 14 ertzainek zauriak izan zituzten.

Amorrortu eta Etxarri hautatzaileek 22 jokalari deitu dituzte larunbateko hitzordurako. Xabi Prieto selekzioko beteranoa izango da, bederatzigarrenez jantziko baitu Euskal Selekzioko elastikoa. Athletic Clubeko Oscar De Marcos, Roberto Torres eta Asier Illarramendi, bestalde, taldeko aurpegi berriak izango dira.

Roberto Mosquera Peruko entrenatzaileak ere 22 gizon deitu ditu. Gehienek Peruko ligan jokatzen dute, baina ez guztiek: Ampuero (Padova/ITA), Rodriguez (Rio Ave/POR), Cruzado (Newell's Old Boys/ARG), Mariño (Delfines/MEX), Yotun (Vasco de Gama/BRA), Advincula (Hoffenheim/ALE) eta Benavente (Real Madrid Castilla/ESP).

Ustezko hamaikakoak:

Euskal Selekzioa: Iraizoz; Iraola, Iñigo Martinez, San Jose, Aurtenetxe; Iturraspe, Illarramendi; Susaeta, Beñat, Xabi Prieto; eta Agirretxe.

Peru: Penny; Advincula, Walter Vilchez, Ramos, Yotun; Balbin, Oscar Vilchez, Cruzado; Bazan, Chavez eta Mariño.

Epailea: Delgado Ferreiro
Futbol-zelaia: San Mames
Ordua: 20.45

ETB-1ek eta eitb.com-ek zuzenean eskainiko dute partida.

Albisteak (3)