Peña ofizial gisa
Atleticok Vicente Calderonetik kanporatuko du Frente Atletico
ERREDAKZIOA
21 atxilotuak libre karguekin utzi ditu guardiako epaileak. Atxilotu guztiek epailearen aurrean deklaratu eta borroka egiteko aldez aurretik hitzordua jarri zutenik ukatu dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Frente Atletico lagunarte ofizial gisa, Vicente Calderonetik kanporatuko duela iragarri du Atleticok astearte honetan.
Komunikatu batean jakinarazi dutenez, poliziak eskainitako akta irakurri ondoren hartu dute neurria, izan ere, aurreko igandean Madrilen egon ziren gatazken partaide eta atxilotuak Frente Atletico taldekoak ziren. Riazor Blueseko jarraitzaileen aurkako liskarrek Deportivoko zale baten heriotza ekarri zuen. Eta honen ondorioz, neurri hau hartzea ezinbestekotzat jo dute talde madrildarrekoek.
Bestalde, 21 atxilotuak libre karguekin utzi ditu guardiako epaileak. Maria del Coro Martinez Madrilgo Argibideetako 34. Epaitegiko magistratuak atxilotuak aske utzi ditu (Frente Atleticoko lau kide eta Riazor Blues, Bukaneros eta Allkor Hooliganseko 17 kide). Hala ere, hilabete bakoitzeko 1 eta 15ean epaitegietan agertu beharko dira, Madrileko Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez.
Atxilotu guztiek epailearen aurrean deklaratu dute, eta borroka egiteko aldez aurretik hitzordua jarri zutenik ukatu dute, iturri juridikoek zehaztu dutenez.
Riazor Blues taldeko zazpi eta Frente Atleticoko bi kiderentzako espetxe-zigorrak eskatu ditu Fiskaltzak, baina epaileak eskaerak errefusatu ditu.
Aske geratu direnen artean ez daude Francisco Javier Romero Taboada Jimmy ustez hil zuten pertsonak. Biktimaren gorpua 17:15ean Coruñako beilatokira heldu da. Hileta asteazken honetan egingo dute.