Itxi

San Mamesen

Ertzaintzak segurtasun 'zorrotza' iragarri du selekzioaren partidarako

Erredakzioa

Sarreretan miaketa "zorrotzak" egingi dituzte eta agenteek gertutik zainduko dute mezu iraingarririk duen edota indarkeria bultzatzen duten pankartarik edo ikurrik ez sartzea.

Peruko selekzioko zaleak, iaz, San Mamesen. Efe.

Ertzaintzak segurtasun-dispositibo zorrotza ezarriko du datorren igandean, San Mamesen, Euskal Selekzioaren eta Kataluniaren arteko partidarako. Dispositiboak arreta berezia jarriko du futbol-zelaiko sarreren kontrolean. Horrenbestez, zaleei denboraz joateko eskatu diete, pilaketak eta presak saihesteko.

Ildo horretatik, Ertzaintza zaleei zuzendu zaie Euskal Selekzioko zaleen ezaugarri diren zentzua eta konpromisoa beste behin ere ager ditzaten.

Sarreren kontrola zorrotza izango da. Horregatik, zaleei ohi baino goizago joateko gomendatzen diete. Hala, ilara luzeak eta pilaketak saihestuko dituzte.

Miaketak zorrotzak izango dira, inork Kirol Legearen arabera debekatuta dauden objektuak instalazioetan sartzea galarazteko, besteak beste: bengalak, petardoak, botilak, etab. Halako objektuak dituztenei ez zaie zelaian sartzen utziko.

Halaber, debekatuta egongo dira mezu iraingarriak dituzten pankartak edo ikurrak eta indarkeriarako deia egiten dutenak. Era berean, alkoholaren edo drogen eraginpean daudenek ezin izango dute etsadioan sartu.

Ertzaintzak ez ezik, Bilboko Udaltzaingoak, segurtasun pribatuko agenteek eta Athleticeko langileek ere hartuko dute parte dispositiboan.

Zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en

Euskal Selekzioak eta Kataluniak igandean jokatuko dute San Mamesen, 20:30etik aurrera. Partida zuzenean emango dute ETB1ek eta eitb.eus-ek.

Neurketak bi selekzioek elkarren aurka jokatu  zuten lehen partidaren mendeurrena ospatzeko balioko du. Lehen norgehiagoka hura 1915eko urtarrilaren 3an jokatu zuten, San Mamesen.

Albisteak (3)

Informazio gehiago (2)