Itxi

Prentsaurrekoa

Xavik agur esango dio Bartzelonari, lehen taldean 17 urte emanda

Agentziak | Erredakzioa

"Helburua Bartzelonara itzultzea da", esan du. Jokalaria 11 urterekin iritsi zen klubera, eta orduz geroztik klubeko mitoetako bat bilakatu da. Hurrengo denboraldiak Qatarreko Al Sadden jokatuko ditu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Xavi Hernandez Bartzelonako erdilariak prentsaurrekoa eman du bere agurra ofizialki iragartzeko. Xavik bere bizitzako taldea utziko du eta hurrengo denboraldiak Qatarreko Al Sadd taldean emango ditu.

Jokalariak Liga txapelketa irabazi berri du talde kataluniarrekin, igandean Vicente Calderonen gailendu ostean.

Erdilariak eskerrak eman dizkie klubari eta zaleei, eta Barçaren kamiseta ez janztea "zaila" egingo zaiola onartu du. "Hiru partida geratzen zaizkit (…) Nik alde egin arren, Bartzelonak klub handia izaten jarraituko du. Ziur naiz", azpimarratu du.

"Zer falta izan zaidan? Hat-trick bat lortzea edo gol bat txilenaz sartzea… baina oraindik denbora daukat", esan du txantxa artean.

Xavi 11 urte zituela iritsio zen La Masiara, eta ordutik hona taldeko mitoetako bat bilakatu da. Guztira, 17 denboraldi eman ditu lehen taldean eta Bartzelonaren kamisetarekin partida gehien jokatu duen jokalaria da.

Qatarren jokatuko du

Xavik berretsi egin du Ivan Corretja bere ordezkariak asteazkenean Reutersi agentziari esandakoa: Qatarreko Al Sadd taldean jokatuko duela. Ordezkariak azaldu zuenez, hiru urterako sinatuko du. Futbolean jokatzeaz gain, Aspire futbol-eskolan lan egingo du, Qatar 2022 Munduko Futbol Txapelketari begira jokalari gazteak hezitzeko.

Hala ere, Corretjak ez zuen argitu Xavik zenbat kobratuko duen, baina informazio guztien arabera, 10 milioi euro jasoko ditu denboraldi bakoitzeko.

 

Albisteak (1)

Bideoak (2)