Euro 2016
Suediak eta Ukrainak lortu dituzte Eurokoparako azken txartelak
Erredakzioa
Suediarrek eta Danimarkak berdinketa lortu dute (2-2), baina Suedia egongo da Eurokopan, joanekoan 2-1 irabazi baitzuen. Ukraina-Eslovenia 1-1 bukatu da, baina 2-0 irabazi zuen Ukrainak joanekoan.
Suediak eta Ukrainak 2016ko Frantziako Eurokoparako jokoan zeuden azken txartelak eskuratu dutuzte, Danimarkako eta Esloveniako selekzioak errepeskan kanporatu ondoren.
Selekzio suediarrak eta Danimarkakoak bina (2-2) berdindu dute, baina joaneko partidan Suediak 2-1 irabazi zuenez, Eurokopan izango da. Ibrahimovicek sartu ditu partidako lehen bi golak (0-2). Bazirudien kanporaketa guztiz erabakita zegoela, baina azken minutuetan Danimarkak partida berdintzea lortu du Poulsenen eta Vestegaarden bitartez. Danimarkarren golak 83. eta 90. minutuetan etorri dira, baina beranduegi izan da.
Errepeskako beste partidan Ukrainak eta Esloveniak bana (1-1) berdindu dute. Ukrainak joaneko partidan lortutako 2-0eko abantailarekin iritsi da partida honetara. Esloveniak 10. minutuan aurrea hartu du markagailuan, Cesarren golari esker (1-0). Ukrainarrek azken minutura arte sufritu dute sailkapena lortzeko; izan ere, Yarmolenkok 97. minutuan sartu du berdinketaren gola.