0-3, River Plateren aurka
Hirugarrenez irabazi du Barçak 'Mundialitoa', Messi eta Suarezi esker
Agentziak | Erredakzioa
Luis Enriqueren taldea jaun eta jabe izan da finalean. Kataluniarrek 2015 honetan jokoan izan dituzten txapelketa guztiak irabazi dituzte, bat izan ezik; Superkopa. Athleticek kendu zion.
Bartzelonak irabazi du FIFAko Kluben 2015eko Munduko Txapelketa, Japonian. Kataluniarrek River Plate hartu dute mendean finalean, 0-3, Messik eta Luis Suarezek egindako golei esker. Hirugarrenez irabazi dute 'Mundialitoa'.
36. minutuan aurreratu dira blaugranak markagailuan, Leo Messik egindako golari esker. Argentinarrak finala jokatu du, finalerdia jokatzea galarazi zion koliko nefritikoa gainditu ostean. Messik Neymarrek egindako pasea aprobetxatu du, Barovero atezaina gainditzeko.
Bigarren zatia hasi eta berahala, 49. minutuan, Sergio Busquetsek pase bikaina eman dio Luis Suarezi, eta Uruguaikoak sare barrura bidali du. Suarezek berak egin du hirugarrena, 68.ean, Neymarren erdiraketa aprobetxatuta.
Golak: 0-1, 36. min: Messi. 0-2, 49. min: Suarez. 0-3, 68. min: Suarez.