Itxi

Igandean, derbia (18:15ean)

Realak lau urte daramatza Athleticen aurkako derbirik galdu gabe

Erredakzioa | EITB.EUS

Zuri-gorriek 2012ko martxoan irabazi zuten Realaren aurka, San Mamesen, azken aldiz. Ordutik hona, txuri-urdinek hiru garaipen erdietsi dituzte, eta biek lau aldiz berdindu dute.

Muniain eta Zurutuza, 2013-14 denboraldiko San Mameseko derbian. Argazkia: EFE.

Igandean jokatuko dute euskal derbia Athleticek eta Realak. Elkarren aurka azken urteotan jokatutako partidetako emaitzak Realaren aldekoak dira; izan ere, txuri-urdinek ez dute galdu Athleticen kontra 2012ko martxotik. 2011-12 denboraldiko partida hartan, lehoiak 2-0 gailendu ziren San Mamesen, Markel Susaetaren bi golei esker, baina ordutik hona Realak zazpi derbi daramatza galdu gabe; hiru garaipen erdietsi dituzte donostiarrek, eta lau aldiz berdinketarekin amaitu da derbia.

2012ko martxoaren 4an, Susaetak bi gol egin zituen, eta Athletici hiru puntuak eman zizkion. Partida polemikoa izan zen hura; izan ere, Mateu Lahozek huts egin zuen, ez baitzuen adierazi Realaren aldeko penaltirik, jokaldi argi batean, markagailua 1-0 zegoela. Hurrengo denboraldian, 2012-13an, Athletic berriro jarri zen aurrean, 1-0, Ibai Gomezen golarekin, baina Philippe Montanierren taldeak buelta eman zion eta hiru golekin erantzun zuen. Antoine Griezmannek, Imanol Agirretxek eta Carlos Velak sartu zituzten Realaren golak. Txuri-urdinek, denboraldi hartan, bi derbiak irabazi zituzten; izan ere, Donostian 2-0 gailendu ziren.

Azken bi derbietan, berdinketa

2013-14 denboraldian, San Mameseko derbia maiatzean izan zen. Athleticek ez zuen ezer jokoan, bermatuta baitzuen laugarren postuan amaitu eta Championsera bueltatuko zela, eta Realak Europa Ligarako txartel zuzena aseguratu nahi zuen. Iker Muniainek jarri zituen bilbotarrak aurretik, eta Agirretxek berdinketa egin zuen, dena bigarren zatian. Hala, bana egin zuten bi taldeek, San Mames berriko lehen derbian. Anoetan, aurreko urtean bezala, 2-0 irabazi zuen Realak.

Iaz ere 1-1 amaitu zen partida, eta emaitza Donostian ere errepikatu zen. San Mamesen, Aritz Adurizek jarri zuen Athletic aurretik, penalti polemiko baten ondorioz, baina Alberto de la Bellak sartu zuen 1-1ekoa minutu batzuen buruan. Reala garaipena lortzeko gertu ibili zen, nahiz eta ia bigarren zati osoan hamar jokalarirekin aritu; izan ere, Mikel Gonzalezek txartel gorria ikusi zuen Athleticen golaren jokaldian.

Historian zeharreko emaitzetan, Athletic da nagusi

San Mamesen historia guztian jokatutako derbien emaitzek, nolanahi ere, Athleticen nagusitasuna islatzen dute. 68 derbi jokatu izan dituzte, eta horietatik 37 irabazi dituzte bizkaitarrek; Realak, bere aldetik, 12 aldiz lortu du garaipena, eta 19 aldiz berdinduta amaitu dira. Athleticek 115 gol egin ditu, eta Realak 56.

Albisteak (1)