Itxi

Historikoa

Leicester City, Premier Leagueko txapelduna

Andoni Beldarrain

Uniteden aurka bana berdindu eta Tottenhamek Chelsearen aurka bina berdindu ostean Ranierik zuzentzen duen taldeak Ingalaterrako liga irabazi du.

Leicesterreko jokalariak Unitedi sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Leicester City Premier Leagueko txapeldun izendatu da astelehen honetan. Igandean bana (1-1) berdindu zuten Uniteden aurka Old Trafforden eta astelehen honetan Tottenhamek Chelsearen aurka bina (2-2) berdindu duenez, Ranierik zuzentzen duen taldea Ingalaterrako ligako txapeldun izendatu da.

Beste talde batzuek nahi ez zituzten jokalariez osatu zuen taldea Claudio Ranieri italiarrak. Gaur eguneko futbolean dirua da nagusi, baina Leicesterrek oztopo guztiak gainditu eta liga irabaztea lortu du. Duela bi denboraldi Premierrera igotzea lortu zuten, iaz asko sufrituta, azken jardunaldian lortu zuten mailari eustea eta aurten Premierreko txapeldun izatearen ametsa egia bihurtu zaie.

Ranierik 64 urte ditu, eta esperientzia handiko entrenatzailea da. Italiarrak giro ezin hobea sortu du jokalarien artean eta horixe izan da arrakastaren gakoa. Denboraldi hasieran Crystal Palacen aurka jokatu aurretik Ranierik jokalariei esan zien atea hutsean uzten bazuten pizzak jatera gonbidatuko zituela. Hala bada, Leicesterrek ez zuen golik jaso eta Leicesterreko erdiguneko pizzeria batera eraman zituen bere jokalariak. Han, iritsi eta mahaian eseri beharrean, sukaldean sartu zuen taldea eta pizzak egiten hasi ziren. Horrela, euren pizza propioa egin zuten, eta hortxe egon da arrakastaren gakoa. Familia giroa sortzea lortu du Ranierik eta horrek Premierra irabazteraino eraman ditu.

United, Chelsea edota City bezalako taldeei irabazi zien lehen itzulian eta pixkanaka puntuak pilatzen joan ziren. Lidergoa ere eskuratu zuten, eta askok azkar jaitsiko zirela uste zuten arren, lehen postuan mantendu dira liga irabazi arte. Defentsako lerro sendoarekin, zelai erdi langilearekin eta aurrelari disdiratsuekin lortu dute titulua. Schmeichel atezainak seguratsuna eman dio taldeari, Huth eta Drinkwater izan dira defentsako lerroaren arimak, zelai erdian Kantek taldea zuzendu du, eta aurrealdean zale guztiak txundituta utzi dituzte Vardyk eta Mahrezek. Azken hau Premierreko jokalari onena izendatu dute.

Zaleek ere izan dute zerikusia titulu honetan. Inoiz ez diote taldeari bizkarra eman. Duela bi urte igoera ospatu zuten, baina iaz oso une txarrak pasa zituten, eta beti taldeari laguntzen ibili ziren. Aurten, asko gozatu dute, eta jada titulua ospatzen dabiltza Leicesterreko kaleetan.

Albisteak (2)