Errege Kopako finala
Bartzelonak eta Sevillak denboraldiko bigarren titulua nahi dute
Agentziak | Erredakzioa
Errege Kopako finalak denboraldi honetan garaile izan diren bi talde batuko ditu: Bartzelona, Ligako irabazlea, eta Sevilla, Europa Ligakoa.
Bartzelonak eta Sevillak denboraldiko bigarren titulua irabazi nahi dute, Errege Kopa ere eskuratuz, igandean 21:30etan, Vicente Calderonen. Kataluniako taldea Ligako garailea da, eta Andaluziakoak Europa Liga eskuratu zuten asteazkenean.
Laugarrenez arituko biak bata bestearen aurka denboraldi honetan. Bartzelonak Europako Superkopa irabazi zion Sevillari (5-4), Pedro Rodriguezen golari esker.
Luis Enriqueren taldea egoera ezinhobean helduko da finalera. Liga azken bost jardunaldiak irabazita eskuratu zuen, bukaerako sprint bikainean: aldeko 24 gol eta bat ere ez kontra.
Unai Emeryrenek atseden hartzeko denbora gutxi izan dute. Asteazkenean, irudi bikaina eman zuten Basilean Liverpoolen aurka. Europan historia eginda, pozarren helduko dira Madrilera. Hondarribiako entrenatzaileak Bartzelona faboritoa dela uste du, baina uste du Sevillari "inork ez diola ilusioan irabazten".
Bartzelonak ez du aldakera handirik egingo hamaikakoan. Zalantza bakarra atean egon daiteke: Claudio Bravok Marc Ter Stegeni postua kendu ahal dio.
Sevillak, ziurrenez, Europa Ligako hamaikakoa errepikatuko du, bi aldaketekin: Sergio Rico itzuliko da atera, eta Vicente Iborra edo Cristoforo taldean sartzeko aukera dago. Tremoulinas eta Krohn-Dehli lesionatuta daute, eta Kolodziejczak eta N'Zonzi, zigortuta.
USTEZKO HAMAIKAKOAK
Sevilla: Sergio Rico; Mariano, Rami, Carriço, Escudero; Krychowiak, Iborra; Coke, Banega, Vitolo; eta Gameiro.
Barcelona: Ter Stegen; Alves, Pique, Mascherano, Alba; Rakitic, Sergio Busquets, Iniesta; Messi, Suárez eta Neymar Jr.