EURO 2016
Frantzia eta Suitza, A multzoko liderrak lehen jardunaldiaren ostean
Erredakzioa
Frantziako selekzioak 2-1 irabazi dio Errumaniari eta talde suitzarrak garaipena lortu du Albaniaren aurka (1-0).
Lehen jardunaldiko bi partidak jokatu dira jada Eurokopako A multzoan. Frantziak eta Suitzak garaipen banarekin ekin diote txapelketari eta multzoko lehen postu bietan daude hiruna punturekin.
Frantziak 2-1 irabazi zion Errumaniari ostiralean. Giroudek sartu zuen 1-0ekoa Frantziarentzat 58. minutuan, baina hamar minutu beranduago Errumaniak partida berdindu zuen Stancuk penaltiz sartutako golari esker (1-1). Partida berdinduta bukatuko zela ematen zuenean, 89. minutuan, Payet azaldu zen 2-1ekoa sartu eta selekzio frantziarrari garaipena emateko.
Multzoko bigarren partidan Suitzak 1-0 irabazi zion Albaniari. Suitzarrek 5. minutuan sartu zuten 1-0ekoa Schaerren bitartez. Albania hamar jokalarirekin geratu zen Lorik Canak bigarren txartela ikusi zuelako. Bigarren zatian Albaniak estuasunetan jarri zuen Suitza eta lehia berdintzeko abagune argiak izan zituen, baina Suitzako atezainak gelditu bikainak egin eta bere selekzioari garaipena eman zion.