Oroitzapenak
Euskal futbola, duela 20 urte: jokalari-presidenteak eta mito biziak
eitb.eus
Athleticek eta Realak gero presidente izan ziren bi jokalari izan zituen. Osasuna Bigarren B Mailara jaistetik libratu zen, Karmona Alavesen zegoen, eta Eibar Lehen Mailatik 5 puntura geratu zen.
Josu Urrutiak Athleticen zelai erdian agintzen zuen. Miguel Fuentes hegalean gora eta behera zebilen, eta Lorenzo Juarros ?Loren? aurrelari izatetik erdilari izatera igaro zen Realean. Martín Monrealek bere ospea handitzen jarraitzen zuen Osasunan, taldea Bigarren B Mailara jaisteko arriskutik libratu baitzuen Ligako azken-aurreko jardunaldian. Alavesek, aulkian Txutxi Aranguren eta Boronat eta zelaian Karmona zituela, oso denboraldi zaila izan zuen Bigarren Mailan, aurreko urtean igo ondoren. Eta Eibar (klasiko bat ?Zilarrezko mailan?) Lehen Mailara igotzeko 5 puntura geratu zen, Perico Alonso entrenatzaile zuela.
Horiek dira atzera begira gogora ekar ditzakegun bitxikerietako batzuk. ?20 urte ez da ezer? esaten zuen tango ezagunak, eta lelo hori hautatu dute EiTBk Interneten 20 urte bete dituela ospatzeko. Orain dela bi hamarkada eliteko euskal futbola nolakoa zen gogoratu nahi izan dugu eitb.eus-en. Eta erreportajea ilustratzeko irudirik onena, gure ustez, ETBko Kirolak alorrean garai hartan lanean ari ziren lankide batzuen argazkia da. Haiek, guk bezala, garai hura bizi izan zuten, eta hemen bildu ditugun jazoeretako asko gogoratuko dituzte.
Athletic: Presidentea, jokalari, eta aulkian, Luis Fernández
Athletic Clubek Luis Fernández zeukan zuri-gorrien aulkian 1996-97 denboraldian, zuri-gorrien aulkian eman zuen lehen denboraldian. Hurrengoan, Ligako txapeldunorde izan zen, eta Txapeldunen Ligarako sailkatzea lortu zuen.
Taldean, Josu Urrutia zegoen, 28 urte zituela Athleticen bizkarrezurreko zutabe zena eta urte batzuk geroago klubeko presidente bihurtu zena. Historian Athleticen elastikoarekin partida gehien jokatu dituzten 15 jokalarien artean daude jokalari haietako 5: Etxebe, Larrazabal, Guerrero, Urzaiz eta Urrutia bera. Handik zebilen beste jokalari handi bat ere: ?Cuco? Ziganda, Athletic B taldeko gaur egungo entrenatzailea. Aurreko denboraldian utzi zion jokalari zuri-gorri izateari lehen taldeko gaur egungo entrenatzaileak, Ernesto Valverdek.
Ziganda izan zen taldeko golegilerik onena (17 gol egin zituen), eta Urzaiz (16 gol) eta Guerrero (15) geratu ziren sailkapen horretan haren atzetik. Ligan, taldeak 6. bukatu zuen, eta UEFA (gaur egungo Europa Liga) txapelketarako sailkatu zen. Kopan, final-zortzirenetan utzi zuen kanpoan Santanderko Racing taldeak.
Real Sociedad: Loren, erdilari, eta Fuentes, gero presidente izan zena, hegaletik
Denboraldi hartako Real Sociedad taldean gerora klubean beste ardura garrantzitsu batzuk izan zituzten gizonezko bi aritu ziren. Miguel Fuentes eskuin hegalari titularra zen garai hartan, eta klubeko presidente bihurtu zen hamarkada bat geroago. Eta Lorenzo Juarros ?Loren? erdilari gisa ari zen ordurako, bere ibilbidearen hastapenetan aurrelari gisa jokatu arren. Egun, Realeko Kirol zuzendaria da, duela urte asko.
Denboraldi hartan, Reala 7. sailkatu zen Ligan (Europan sartzeko puntu bakarrera geratu zen), eta Osasunak utzi zuen kanpoan Kopan, bigarren kanporaketan.
Jabo Irureta zegoen aulkian; Athleticen aritu ondoren, aurreko denboraldiaren erdialdera iritsi zen Realera, Salva Iriarte ordezkatzera. Irungoak bi denboraldi eman zituen txuri-urdinen aulkian. Lehenbizikoan, zazpigarren geratu zen; hurrengoan, berriz, zortzigarren.
Fuentesek eta Lorenek Realean mito bihurtu ziren bi aurrelari izan zituzten ondoan aldagelan: Gica Craioveanu eta Darko Kovacevic. Aurrelari serbiarrak, besteak beste, Agustín Aranzabal, De Pedro eta Alberto izan zituen taldekide denboraldi hartan; 6 urte geroago, 2002-03 denboraldian, Liga irabazteko ametsa galdu zuten azken-aurreko jardunaldian, Balaidos zelaian.
Alaves: Karmona, Bigarren B mailatik UEFAko finalera
1995-96 denboraldian, Alaves Bigarren Mailara igo zen, 5 denboralditan helburu hori lortu ezinik geratu ondoren, igotzeko play-offetara heldu arren. Bigarren Mailan eman zuen lehen denboraldia, 1996-97, ez zen erraza izan.
Igoera lortu zuen entrenatzailea, Txutxi Aranguren, kargutik kendu, eta Boronat jarri zuten haren ordez, babazorroen ontzia gidatzeko. Taldea azken jardunaldietan libratu zen Bigarren B mailako infernura itzultzeko arriskutik.
Arabako taldean zegoen ordurako Antonio Karmona, 1998ko maiatzean Alaves Lehen Mailara igo zenean kapitain handia izan zena. UEFA Kopako finala jokatu zuen gero Liverpoolen kontra, Dortmunden luzapena jokatu ondoren, partida epikoa eginez.
Bermeotarrak ez zuen inoiz halakorik espero izango, eta Armando Ribeiro ordezko atezainak ere ez zuen inoiz pentsatuko Penintsulako beste puntara (Cádiz) joan ostean Euskadira itzuliko zela, Athletic Club taldearen atea zaintzera.
Osasuna: Benítez, lehen entrenatzailea; Martinek Bigarren B Mailara jaistea saihestu zuen
Zelan diren gauzak. 36 urterekin iritsi zen Osasunara Rafa Benítez gaztea (jokalari asko jardunean daude oraindik adin horrekin), Valladolid taldea zorte handirik gabe eta, aurretik, Real Madril ?B? zuzendu ondoren. Osasunaren aulkian ere ez zuen askorik iraun. 9 jardunaldi baino ez.
Urte horretako ia poztasun bakarra Reala Kopatik kanporatzea izan zen. Gorabehera handiko denboraldi horretan, Pedro Mari Zabalza, Miguel Sola eta, azkenean, Martín Monreal izan ziren gorritxoen aulkian. Azken horrek libratu zuen Osasuna Bigarren B Mailako infernutik.
Osasunan jokalari gisa urte asko eman ondoren, entrenatzaile gisa egin duen lehen mirarietako bat egin zuen 40 urte zituela ?Campanasko sorgina? ezizenaz ezagutzen duten horrek. 18 urte geroago, 2015ean, Bigarren B Mailara jaisteko arriskutik atera zuen berriro Osasuna, eta Lehen Mailara igo zuen iaz, ez sinesteko moduan. 20 urte hauek ez dute barkatu, eta kargutik kendu dute. Magia egiteko berriro deitzen diotenera arte.
Eibar: Bigarren mailako ?nagusiak? eta Perico Alonso aulkian
Garmendia mitikoa atepean eta Perico Alonso aulkian, Eibar taldeko jokalariak Bigarren Mailako ?nagusiak? ziren. Maila horretako beteranoak ziren orduan. Gaur egun, Lehen Mailan lekua eginda, ?zilarrezko kategorian? denboraldi gehien eman zituen taldea dela esan dezake.
Armaginen taldean iragan zuri-gorri edo txuri-urdina zuten jokalari ugari zeuden, utzita edo behin-behinean, baina oso maila ona eman zuten, eta Perico Alonsok ?zukua? atera zien. José Félix Guerrero, Mikel Loinaz, Edu Alonso, Huegun eta abar 5. geratu ziren, promozio postuetatik 4 puntura eta zuzenean igotzeko aukeratik bostera.
Racingek kanporatu zituen Kopan, final-zortzirenetan Athletic kanporatu zuen talde berak.