Akordioa sinatu da
Bigarren B Mailako futbola, ETBn
Erredakzioa
Astelehen honetan egin da EITBren Bilboko egoitzan sinadura ekitaldia. Astero Bigarren B Mailan jokatzen duten taldeetako partida bat eskainiko du ETBk.
ETBk Bigarren B Mailako euskal futbol taldeen partidak emango ditu 2010-2011 denboraldian. Euskal Telebistak maila horretan jokatzen duten taldeek eta Euskal Futbol Federazioak lortu dute akordio hori.
Sinadura ekitaldia astelehen honetan, abuztuak 23, egin da EITBren Bilboko egoitzako kontseilu gelan. Bertan egon dira Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendaria, Santiago Arostegi Euskal Futbol Federazioko presidentea, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako federazioetako presidenteak eta Bigarren B Mailan jokatzen duten zazpi euskal taldeetako presidenteak: Real Sociedad B, Barakaldo, Eibar, Lemona, Bilbao Athletic, Alaves eta Real Union.
Hitzarmenaren arabera, astero maila horretan jokatzen duten taldeetako partida bat eskainiko du ETB-1ek larunbat arratsaldeetan eta emankizuna eitb.com webgunean ere ikusi ahal izango da. Abuztuaren 28an zabalduko dute egutegia Alaves-Caudal neurketarekin, arratsaldeko zortzietan.
Iraileko lehen hitzordua Real Union-Athletic B izango da hilaren 4an, 11an Eibar-Mirandes norgehiagoka eskainiko da eta 18an Barakaldo-Peña Sport. Partida hauen ordutegia zehaztu gabe dago oraindik, udako denboraldian gaudelako, baina udazken-negu partean arratsaldeko lauretan izango dira eta ondoren Bigarren A Mailako neurketa bat emango da.
Bigarren Mailako emankizunak "Zilarrezko Futbola" saioaren barruan egingo ditu ETB-1ek: B mailako partiden kontakizuna Xabier Anduezak eta Juanan Larragañak egingo dute eta A mailakoena Ander Txintxurretak eta Naxari Altunak. Joseba Urkiolak biduko ditu protagonisten hitzak batean eta Angel Maguregik bestean.
Zuzeneko emankizunarekin batera, taldeen inguruko informazioa eskainiko du "Zilarrezko Futbola" saioak. Ikusgai izango den Bigarren B Mailako partidako protagonistetan jarriko dute begia eta erreportajea atsedenaldian eskainiko da. Gainera, Bigarren A Mailako neurketaren atsedenaldian aurreko futbol zelaira itzuliko dira, prentsaurrekoan entrenatzaile eta futbolariek esandakoak biltzeko.
Horrenbestez, Euskal Telebistaren futbol eskaintzak hiru ildo nagusi izango ditu: Champions League partida, asteazken gauetan, zuzenean; Bigarren Mailako bi neurketa, larunbat arratsaldetan, baita ere zuzenean, "Zilarrezko Futbola" saioan; eta Lehen Mailako laburpenak, "Gol Festa" saio berrian. "Gol Festa"k hiru edizio izango ditu: larunbat gauean, igande arratsaldean eta igande gauean. Amaitzeko, igande gaueko "Teleberri" albistegiak futbol informazio zabala emango du ordu erdi iraungo duen kirol tartearen barruan.