Dimisioa
Villarrek UEFAko presidenteorde kargua utzi du
Agentziak | Erredakzioa
Angel Maria Villar, Espainiako Futbol Federazioko presidente kargutik baztertuta, uztailaren 20an espetxeratu zuten, elkarte horren diru kontuei “milioika euroko” kaltea egin dion susmopean.
Angel Maria Villarrek dimisioa eman du UEFAko (Europako Futbol Elkarteen Batasuna) presidenteorde eta Batzorde Exekutiboko kide gisa, ustelkeriaren aurkako operazio baten baitan atxilotu eta uztailaren 20tik behin-behineko espetxealdian dagoelako.
Aleksander Ceferin UEFAko presidenteari uztailaren 26an bidalitako eskutitz batean, Villarrek “berehalako dimisioa” eman zuen, UEFAko presidenteorde gisa zein Batzorde Exekutiboko kide gisa. Beraz, dagoeneko ez dauka “ardura ofizialik” bertan, UEFAk berak zehaztu duenez.
Villar 1988an iritsi zen Espainiako Federazioko presidente kargura, 1992an UEFAko Batzorde Exekutiboan sartu zen, eta 2002tik bost presidenteordetzetako bat betetzen zuen.
Hain zuzen ere, presidenteorde lehena zelako hartu zuen Michel Platini UEFAko presidente ohiaren tokia, FIFAk frantziarra zigortu zuenean.
“Aleksander Ceferin UEFAko presidenteak Villar Llona jaunaren dimisio gutuna onartu du, eta urte hauetan guztietan europar futbolaren alde egindako lana eskertu dio. Espainian auzia aurrera doala kontuan izanda, ez daukagu gai honen inguruko iruzkin gehiagorik”, adierazi du UEFAk.