I. Steve Bloomer Txapelketa
Steve Bloomer, Real Union eta Derby County taldeen arteko lotura
eitb.eus
Bi taldeek I. Steve Bloomer Saria jokatuko dute astearte honetan Stadium Gal zelaian, Erresuma Batuko futboleko mitoa eta 1920ko hamarkadan irundarren entrenatzailea izan zenaren omenez.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Steve Bloomerren figura historikoak Real Union eta Derby County taldeak elkartu ditu txapelketa bat antolatzeko xedearekin. Aipatu txapelketaren lehendabiziko ekitaldia astearte honetan jokatuko, eta, dena ondo badoa, datozen urteotan jarraipena izatea nahi dute antolatzaileek.
Horrenbestez, 20:00etan, bi taldeak nor baino nor gehiago arituko dira Stadium Gal zelaian I. Steve Bloomer Saria irabazteko lehian eta, aldi berean, bi kluben historian oso garrantzitsua izan zen pertsona omentzeko helburuarekin.
Steve Bloomer, mito partekatua
Steve Bloomer 1891tik 1914ra bitartean aritu zen futbolean, eta izar handia izan zen Derby County taldean eta Ingalaterrako futbolean. Horren adierazgarri da oraindik ere bost liga garrantzitsuenen arteko (Espainia, Erresuma Batua, Italia, Alemania eta Frantzia) golegile onenen zerrendan bosgarren (317) tokian azaltzen dela.
Lehen Mundu Gerran preso egon ondoren, 1923. urtean Irunera joan zen bertako taldearen entrenatzaile gisa aritzeko, talde irundarraren historiako unerik gozoenetakoan, hain zuzen ere.
Real Unionen entrenatzaile gisa aritu zen tarte laburra ezin oparoagoa izan zen. 1924an, Errege Kopako txapeldun egin zituen txuri-beltzak, eta, horrela, Irundarrek dituzten gisa horretako lau kopetako hirugarrena erdietsi zuen. Bloomerrek zuzendutako mutilek Bartzelona kanporatu zuten finalerdietan (6-1) eta Real Madril azpiratu zuen finalean (1-0).
Entrenatzeko erabiltzen zituen teknika berritzaileengatik eta taldeak erabiltzen zituen taktikengatik aitzindaritzat dute. Iparraldeko Txapelketa eta Gipuzkoako Kopa izan ziren Unionekin eskuratu zituen beste bi txapelketak.