Itxi

Prensta-agerraldia

Ronaldo (Bartzelona-Real Madril): 'Ez da Messi-Cristiano neurketa'

Erredakzioa

Gainerakoak baino partida "zailagoa" izango dela esan du, baina ez du uste erabakigarria izango denik bartzelonarren eta madrildarren artekoa.

Cristiano Ronaldo Real Madrileko aurrelariak Bartzelonaren aurkako partida Leo Messiren eta beraren arteko lehia izango ez dela adierazi du. Valdebebasen egindako prentsa-agerraldian ez du presio gehigarririk onartu eta bere jokamoldea aldatuko ez duela gaineratu. "Gustuko ez duenak telebista itzali dezala", adierazi du.

"Prentsaren kontua da lehiak asmatzea gehiago saltzeko. Normala da. Baina partida hau ez da Messiren eta nire arteko lehia. Hamaika hamaikaren aurka jokatuko dugu. Berak gol asko egiten ditu eta oso arriskutsua da, baina guztiekin ibili behar gara erne", esan du.

"Ez da Cristiano Ronaldo-Messi lehia, garrantzitsuena Bartzelonaren eta Real Madrilen arteko neurketa da, Espainiako bi talderik onenen artekoa, alegia. Saiatuko gara ahalik eta ondeen egiten ikuskizuna polita izan dadin", gaineratu du.

Aldarte serioarekin, polemiketan sartu gabe eta mezu argi eta laburrak: horrelaxe aritu da Cristiano Ronaldo Valdebebasko prentsa-aretoan eginiko agerraldian. Nou Campeko neurketa bat gehiago izango dela eta ez duela liga erabakiko argi utzi nahi izan du.

"Erabakigarria izan daiteke ala ez. Irabazteko jokatuko dugu klasikoa delako. Positiboak izan behar gara eta irabaziko dugula pentsatu. Aurrerago ikusiko da erabakigarria izan den ala ez. Gainerakoak baino partida zailagoa izango da, baina irabazi behar dugu eta bolada ona luzatu", esan du Ronaldok.


Albisteak (4)